Mundua -
Askatu eta biharamunean
Suu Kyik elkarlanerako deia egin die Birmaniako alderdi demokratikoei
Oposizioaren buruzagi eta Bakearen Nobel saridunak adierazpen askatasuna eskatu du milaka jarraitzaileren aurrean.
Erredakzioa
Aung Suu Kyi Birmaniako oposizioko buru eta Bakearen Nobel saridunak elkarlanean aritzeko deia egin die alderdi demokratiko guztiei, askatu eta hurrengo egunean eman duen ekitaldi politikoan, Rangunen.
"Indar demokratiko guztiekin lan egin nahi dut", adierazi du 65 urteko emakumeak Batzorde Militarrak zazpi urte eta erdiz etxeko atxiloaldian izan ostean.
Milaka eta milaka jarraitzaile izan dira Suu Kyiren hitzaldian eta Liga Nazional Demokratikoaren, deseginda dagoen alderdiaren, aldeko mezuak erakutsi dituzte.
"Adierazpen askatasuna oinarrizkoa da demokraziaren barruan. Herriaren hitza entzun nahi dut lehenengo eta, gero, zer egin erabakiko dugu", esan du Aung San heroi nazionalaren alabak.
"Herriak Gobernuarengan agintzen duenean dago demokrazia. Nik beti onartuko dut kontrol mota hori", gaineratu du preso ohiak.
1962an emandako Estatu kolpearen ostean agintean dagoen Gobernu militarrarentzat ere izan ditu hitzak: "Ez dut inolako antagonismorik etxean preso izan nautenen kontra. Segurtasun agenteek ongi tratatu naute eta herria ere berdin tratatzeko eskatu nahi diet".