Mundua -
Mozio bat aurkeztu dute
Gernikako sinatzaileek erabakiak eskatu dizkiete ETAri eta Gobernuari
Hain zuzen ere, "indarkeriarik gabeko aroa" eta "normalizazio politiko progresiboa" lortzeko erabakiak hartzeko eskatu diete.
Erredakzioa
Gernikako Akordioaren sinatzaileek, tartean ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta LABek, mozio bat erroldatu dute gaur Bilboko Udalean, eta horretan "erabakiak hartzeko eta ekimenak abiatzeko" eskatu diete ETAri eta Gobernuari, "indarkeriarik gabeko aroa" eta "normalizazio politiko progresiboa" lortzeko helburuz.
Aipatu alderdietako ordezkariek "Euskal Herrian agertoki berria finkatze aldera" izenburuko mozioa aurkeztu dute EAren Bilboko egoitzan, eta gogor salatu dute Segurtasun Indarrek Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak eta GazteHerria elkarteetako kideak atxilotu izana.
Mozioan nabarmendu dute Euskal Herria "aro politiko berrian" sartzen ari dela, eta aro horrek "gure herriko gatazka politikoari konponbidea bilatzea" duela helburu, "elkarrizketa eta akordioak bilatuz, eta norgehiagokak bide politikoak, baketsuak eta demokratikoak baino ez izanez".
Mozioaren sustatzaileen hitzetan, "Euskal Herrirako agertoki politiko berri bat sortu nahi duten beste eragile askoren konpromisoa eta ekarpenek" Gobernuaren aurkako jarrera baino ez dute erantzun gisa. Izan ere, Espainiako Gobernuak "Euskal Herrian bizi duen indarkeria eta gatazka politikoa konpontzeko borondate gutxi du, eta etengabe oztopoak jartzen ditu bidean", gaineratu dute.
''Gernikako akordioa''k "pertsonen ideologia politikoa edozein dela ere, mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura guztien amaiera" eskatzen duela azpimarratu dute.
Horien aburuz, "pausoak emateko unea da; gure gizartean eratzen ari den agertoki berri hori sendotzeko guztion konpromisoa eta ekarpena behar delako".
Bilboko Udalaren konpromisoa ere eskatzen dute mozio horretan, eta azaroaren 19ko mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Hitzordua Bilboko Arriaga antzokian izango da 19:30ean, "Aski da!Eskubide guztiak guztiontzat" lelopean.