Mundua -
Kasko urdinen aurka
Kolera dela eta protestak Port-au-Princera heldu dira
Ehunka lagun Osasun Ministerio Publikoaren aurrean bildu dira, Haiti Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa (Minustah) herrialdetik ateratzea eskatzeko.
Erredakzioa
Kolera izurritea sortzea egotzi diete NBEko tropei Haitin eta protestak Port-au-Prince hiriburura heldu dira gaur. Poliziak gas negar-eragileak erabili behar izan ditu kasko urdinen kontrako manifestaldi bat desegiteko.
Ehunka lagun Osasun Ministerio Publikoaren aurrean bildu dira, Haiti Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa (Minustah) herrialdetik ateratzea eskatzeko. Izan ere, Artiboniteko departamentua zeharkatzen duen ibai batera hondakin fekalak botatzea leporatzen dio Minustahi biztanleriaren zati batek. Izurritea Artiboniten hasi zen.
Akusazio horiek behin eta berriro ukatu eta hondakin fekalak egoki maneiatu dituela argudiatu du NBEko misioak, baina kritikak mantendu dira eta istiluek Cabo Haitiano hirian hiru hildako utzi dituzte aste honetan, manifestarien eta tropen arteko liskarretan.
Bien bitartean, gaixotasunak aurrera egiten jarraitzen du Haitin. Dagoeneko 1.110 lagun hil dira eta beste 18.000 ospitaleratu behar izan dituzte, datu ofizialen arabera. Gainera, Dominikar Errepublikan kasu bat izan dela onartu dute, eta beste bat Floridan (AEB). Datozen hilabeteetan 200.000 bat kasu eman daitezkeela aurrikusi du Osasunaren Erakunde Panamerikarrak (OPS).
Jai nazionala izan dute gaur Haitin, izan ere, Vertiereseko (1803) batailaren urteurrena ospatu dute. Haitik independentzia lortu baino lehen azken borroka izan zen hura. Kasko urdinak herrialdea uztea eskatu dute manifestariek. 2004an Jean Bertrand Aristide presidentea kargutik kendu zutenetik kasko urdinak Haitin dira.