Mundua -
Lisboa
NATOren goi-bilera hasi da, Erakundea XXI. mendera moldatzeko
Hiru bilera egingo dituzte Afganistani, mehatxu berriei eta Errusiari buruz. Goi-bilera hasterako, erakundearen kontrako protestak dira nagusi Portugalgo hiriburuko kaleetan.
Erredakzioa
Anders Fogh Rasmussen danimarkarrak, NATOko idazkariak, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi-bilerari hasiera eman dio gaur. Erakundea XXI. mendearen beharrizanetara moldatu nahi du bilerak eta Errusiarekin elkarrizketa eta lankidetza militar aro berri bati hasiera eman.
50 inguru herrialdetako ordezkari gorenak bilduko dira gaur eta bihar Lisboan, poliziak hartutako hirian, NATO aliantzaren etorkizuna erabakiko duen goi-bileran.
Hamid Karzai Afganistango presidentea izan zen atzo iritsi zen lehenengo buruzagietako bat. Larunbatean, NATOko 28 herrialdeetako ordezkariak eta tropak jartzen dituzten beste 20k bilera egingo dute herrialde asiarrean egiten ari diren misioaren etorkizunari buruz.
Portugaleko goi-bilerarekin, era berean, betebehar berrietara egokitu nahi dute erakundea, beste herrialde batzuetara zabaltzeko aukerak, nazioarteko mehatxu berriak edo krisi ekonomikoaren ondoriozko berrantolaketa ere izango dute hizpide.
Aliantzaren "kontzeptu estrategiko" berrien oinarrizko helburuak bilduko dituzte txosten batean eta ostiralean onartzeko asmoa dute. Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak argi utzi zuen NATO ez dela "munduko polizia" eta herrialdeen eta erakundeen elkarlana sustatu behar duela.
Errusiaren garrantzia
"Goi-bilera hau erakundearen historian sartuko da, dudarik gabe", adierazi zuen Socratesek. Errusiarekin egingo duten bileraren garrantzia azpimarratu zuen eta segurtasunaren mehatxu berriei erantzun behar zaiela.
Segurtasuna
Goi-bilera segurua izango dela ziurtatzeko, Portugaleko Poliziak hiriburua hartu du eta aireportuetako eta Espainiako mugako neurriak indartu.
Poliziak esan du azken 24 orduetan 82.552 pertsona "kontrolatu" dituztela eta 127 atzerritarri ez dietela Portugalen sartzen utzi segurtasun arrazoiengatik.
Goi-bileraren kontrako ekitaldiak antolatu dituzten erakundeetako ordezkariek, berriz, salatu dute Poliziak arrazoirik gabe galarazi diela zenbait ekintzaileri bakearen aldeko protestetan parte hartzea.
Nazioen Parkea
Goi-bilera Nazioen Parkean egingo dute, 1998ko Expoa egiteko eraikitako gunean.