Mundua -
Ikerketa
John Bailey Hollywoodeko Akademiako presidentea sexu-jazarpenagatik ikertzen ari dira
75 urteko Bailey ogibidez argazki-zuzendaria da, baina abuztuaren 8an Hollywoodeko Akademiako presidente izendatu zuten, Cheryl Boone Isaacs ordezkatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan asteazkenean John Bailey presidentearen aurkako hiru sexu-jazarpen salaketa jaso ondoren, ikerketa abiatu du Hollywoodeko Akademiak, Variety komunikabide espezializatuak gaur jakitera eman duenez.
75 urteko Bailey ogibidez argazki-zuzendaria da, baina abuztuaren 8an Hollywoodeko Akademiako presidente aukeratu zuten, Cheryl Boone Isaacs ordezkatzeko.
The Hollywood Reporter hedabide espezializatuak azaldu duenez, David Rubin Akademiako idazkaria azpibatzorde bat zuzentzen ari da, Baileyren kontrako salaketak aztertzeko.
Hollywooden sexu eskandalu ugari argitara eman dituzte azkenaldian, eta horien aurka 'Me Too' eta 'Time's Up' mugimenduak sortu dira. Horrela, Harvey Weinstein erakundetik kaleratzea erabaki zuen Akademiak iragan urrian; izan ere, zinema produktore boteretsuari sexu-erasoak leporatu dizkiote dozenaka emakumek.
Jokabide-kode berria
Gainera, Oscar sariak urtero antolatzen dituen Akademiak jokabide-kode berria ezarri zuen urtarrilean, sexu-jazarpenari eta jokabide desegokiei aurre egiteko.
Bailey, besteak beste, Ordinary People (1980), Groundhog Day (1993) eta As Good As It Gets (1997) filmetako argazki-zuzendaria izan da.