Mundua -
Lisboako goi-bilera, amaituta
NATOren tropek Afganistan 2014ean utziko dute
Errusiak, bestalde, Europa osoa babestuko lukeen misilen-kontrako sistema bat hausnartzea onartu du.
Erredakzioa
NATOk Lisboan egindako goi-bilerak tropak Afganistanetik nola eta noiz atera izan du hizpide nagusi. Irteera hori 2011ko udaberrian hasi eta 2014ko amaieran bukatzea adostu dute. Momentu horretan, herrialdearen segurtasuna afganistandarren esku geratuko da.
Hala ere, data horren ostean, Aliantzak tropa batzuk Afganistanen utziko ditu baina laguntza emateko baino ez.
ISAFek 140.000 soldadu dauzka gaur egun Afganistanen, 2001. urtean talibanen erregimena deusestatu zutenetik.
Errusia eta misilen-kontrako babesa
Errusia izan da eguneko beste protagonista nagusia, Medvedevek Europa osoa babestuko lukeen misilen-kontrako ezkutua sortzeko aukera aztertzea onartu baitu.
Hala ere, Errusiako presidenteak ezkutu horren sorreran izan dezaketen parte-hartzea kolaborazio hori "berdintasun egoeran eta gardentasunez" egiteko baldintzaren menpe utzi du.
Kuartelen eta pertsonalaren murrizketa
NATOren goi-bileran ere Aliantzaren kuartelen eta agentzien murrizketa adostu dute, egitura arin eta merke bat lortzeko helburuarekin.
NATOk hamaika kuartel nagusi dauzka egun eta gaur erabakitakoaren arabera zazpi bakarrik izatea espero dute. Ondorioz, pertsonala ere murriztu egingo da; 13.500 langiletik 9.000 langilera.