Mundua -

Estatu Batuak

Texas lehergailuz ikaratu duen ustezko “serieko erasotzailea” hil da

Azken hiru asteetan Texasko Austin hirian ziurgabetasuna izan da nagusi, eta herritarrek 1.200 dei baino gehiago egin dituzte pakete susmagarrien berri emateko.

Atentatua Texasen. Argazkia:EFE
Atentatua Texasen. Argazkia:EFE
Atentatua Texasen. Argazkia:EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken aste hauetan AEBko Austin (Texas) hirian bost bonba jarrita izua zabaldu eta bi hildako utzi dituen ustezko erasotzailea asteazkenean hil da, bere ibilgailuan zeramatzan lehergailuetako bat leherrarazita, Poliziak inguratu ondoren. Tokiko hedabideen arabera, eraso horien ustezko egilea Mark Anthony Conditt da, Austin metropoli-barrutiko herri txiki bateko bizilaguna.

Poliziak ez du identitate hori ofizialki baieztatu, eta ez du argitu zergatik eragin omen duen Condittek azken hogei egunotan kaosa Texasko hiri horretan lehergailuak jarrita, itxura batean inolako bereizketarik egin gabe.

Brian Manley Austingo Polizia Departamentuko buruaren esanetan, polizia-agenteek inguratu egin zuten Conditt goizaldean, Round Rock hiriko hotel baten aparkalekuan, polizia-talde berezien zain zeuden bitartean. Hala ere, “autoak bere bideari ekin zion berriro, eta atzetik segika joan gintzaizkion, haren arrastoa ez galtzeko. Halako batean, bide-bazterrean gelditu zen, eta SWAT taldeko kideak hurbiltzen ari zitzaizkionean, horietako batek tiro egin zuen. Susmagarriak lehergailu bat leherrarazi zuen orduan”.

Eztandaren ondorioz, agente bat zauritu zen. Inguru horretako erietxe batera eraman zuten artatzera, eta bertan ari dira sendatzen, baina ez dago larri.

Susmagarri nagusia hilda dagoela baieztatu arren, “erne” ibiltzeko eskatu die Manleyk herritarrei; izan ere, baliteke “serieko erasotzaileak” pakete gehiago bidali izana hil aurretik.

3 asteko ziurgabetasuna

Martxoaren 2an, afro-amerikar bat hil zen, pakete susmagarri bat haren etxearen atarian lehertu zenean. Hasiera batean, droga kontuak zirela pentsatu zuen Poliziak. Dena dela, astebete geroago, antzeko bi leherketa gehiago izan ziren: 17 urteko mutil afro-amerikar bat hil zen eta bi emakume larri zauritu ziren, horietako bat hispanoa jatorriz. Gorroto delituak izan zitezkeela ondorioztatu zuten orduan. Iragan igandean, baina, Austin hiriko hego-mendebaldeko auzo batetik paseoan zebiltzan beste bi pertsona zauritu zituzten, lehergailu bat urrutitik zartarazita.

Azken erasoetan erabilitako lehergailuak askoz ere landuagoak izan ziren. Hori ikusita, horien atzean “serieko erasotzaile bat” zegoela hasi zen pentsatzen Polizia.

Azken hiru asteetan, Texasko hiri horretan ziurgabetasuna izan da nagusi, eta herritarrek 1.200 dei baino gehiago egin dizkiote Poliziari, pakete susmagarrien berri emateko.

Eraso horien ustezko egilearen heriotzaren berri jasotakoan, Donald Trump pozik agertu zen Twitter sarean duen kontuan: “Austingo leherketen ustezko egilea hilda dago. Lan handia egin dute agintariek eta horretan parte hartu duten guztiek!”.

Manleyren hitzetan, bertako Poliziak eta FBIk ez dute bukatutzat eman ikerketa, beste lehergailurik ez dagoela eta ustezko egilea bakarrik aritu zela ziurtatu arte, eta oraindik ere herritarren laguntza “premiazkoa” dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken orduko albistea