Mundua -
Gazako zerrenda
Soldadu israeldarrek 16 palestinar hil eta 2000 inguru zauritu dituzte Gazako mugan
Dozenaka mila palestinar bildu dira Gazako mugan errefuxiatuen itzulera aldarrikatzeko protestan eta Israelgo Armadak tiroka geldiarazi ditu manifestariak.
agentziak | erredakzioa
Israelgo Armadako soldaduek gutxienez 16 palestinar hil eta 2000 inguru zauritu dituzte tiroz, Gaza eta Israelen arteko mugan, Hamasek deitutako Itzuleraren Martxa Handia deitutako protestaren baitan.
Mugaren bestaldean 100 bat frankotiratzaile zain izan dituzte, eta soldaduek gas negar-eragileak eta benetako sua erabili dute manifestarien kontra, baimendutako gunea zeharkatu omen dutelako.
Israelgo Armadak emandako datuen arabera, 17.000 palestinar bildu dira mobilizazioan; EFE agentziak aipatutako behatzaile eta lekukoen esanetan, berriz, 40.000 inguru dira manifestariak.
Gauean, Israelen tanke batek nekazari palestinar bat hil du eta beste bat zauritu, Gazako Zerrendan, tiro eginda, Gazako Osasun Ministerioak zabaldu duenez.
Gainera, Israelgo Armadako bozeramale batek ere baieztatu du gertatutakoa. "Gauean, bi pertsona susmagarri segurtasun hesira hurbildu eta modu susmagarrian mugitzen hasi ziren, eta tankeak haien kontra tiro egin zuen", gaineratu du.
Beranduago, dozenaka mila pertsonak manifestazioari ekin diote mugako zenbait puntutara hurbilduta, eta beste lau palestinar hil eta 500 bat zauritu ditu Israelgo Armadak su eginda, bozeramalearen esanetan. Horietako bat Yabalia ekialdean (Gaza iparraldean) hil dute, sabelean tiroa jasota; beste bi Rafan (Gaza hegoaldean) tiroa buruan jasota, eta azkena, 16 urteko adingabea, tiroz ere hil dute iparraldean, arratsaldeko lehen orduan.
Lekukoen arabera, palestinar gazte batzuek harriak jaurti dituzte soldaduen aurka, eta horiek gas negar-eragileak erabili dituzte elkartu diren milaka gizon, emakume eta haurrak joan zitezen.
Protesta Lurraren Egunean egiten ari dira. Egun honetan, palestinarrek Galilean (Israelgo iparraldean) 1976an lurren konfiskazioa dela eta hil zituzten sei arabiar israeldarrak gogoratzen dituzte. Hamas mugimenduak protesta egiteko deia egin die herritarrei. Mobilizazioak maiatzaren 15era arte luzatuko dira.
Egun horretan, Nakbaren egunean (hondamendia), palestinarrek lurrak kendu eta erbestera bidali zituzten eguna, hain zuzen, Israel herrialdea sortu zutenean (1948), gogoratzen dute.