Mundua -
Hegoaldeko Uhartean
Hil egin dira Zeelanda Berrian harrapatuta zeuden 29 meatzariak
Metano gas leherketa batek lurpean utzi zituen iragan ostiralean eta atzo "lur azpian izan zen leherketa handiak" baieztatu egin du denen heriotza.
Erredakzioa
John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak esan du "tragedia nazionala" dela sei egun lur azpian harrapatuta egon diren 29 meatzarien heriotza eta istripuaren jatorria ikertzeko batzorde bat osatuko dutela iragarri du.
"Gure anaiak galtzea oso kolpe gogorra izan da. Elkartasuna adierazten diegu senideei, dolua da nagusi nazioan", adierazi du Keyk telebistaz eman duten hitzaldi batean.
Wellingtoneko Gobernuko buruak azaldu duenez, "okerrena espero genuela egon gara, eta azkenean albiste txarrena jaso dugu. Gertuko senide bat gabetsiko duzuen guztioi: Zeelanda Berria zuekin dago".
Lehen ministroak esan du bihar joango dela meatzera eta dolu egun ofiziala izango dela.
Bestalde, datozen asteetan metano gasa zerk eragin zuen ikertzeko batzorde independentea osatuko dutela iragarri du. Eztanda iragan ostiralean gertatu zen Atarauko meatze batean, Pike River enpresaren esku zegoen zulo batean, Hegoaldeko Uhartean.
Atzo arratsaldean izandako leherketa baten ondorioz meatzariak hil zirela baieztatu ondoren eman du hitzaldia Kay lehen ministroak.
"Ez da inor bizirik geratu lur azpian izandako beste leherketa handi baten ondoren", jakinarazi zuen Gary Knowles erreskate taldeetako poliziaburuak.
Albistearen berri izan ostean, dozenaka familiak prentsa aretoa utzi zuten eta batzuk Poliziaren kontra jo zuten meatzean sartzeari uko egin ziotela eta.