Mundua -

Pakistan

Malala zoriontsu agertu da erasotu zutenetik jaioterrira itzuli den lehen aldian

Aktibista izateagatik talibanek erasotu zutenez gero jaioterrira itzuli den lehen aldia da Bakearen Nobel Sariarentzat.

Malala jaioterrira itzuli da
Malala jaioterrira itzuli da
Malala Pakistanera bueltatu da, talibanek eraso egin eta sei urtera

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malala Yousafzai Bakearen Nobel Saria irabazi zuen aktibista pakistandarra Mingora jaioterrira itzuli da larunbat honetan, Pakistango Swat bailaran. 2012an nerabe zela tabilanen erasoa jaso zuenez gero hara itzuli den lehen aldia izan da.

Malala Mingoran bizi zen familiarekin. 2012ko urriaren 9an, eskolara joateko autobusean zihoala, gizon bat ibilgailura igo zen eta Malala nor zen galdetu ostean, tiro egin zion buruan aktibista izateagatik. Erasotik bizirik atera zen Malala. Gertaera hura inflexio-puntua izan zen, indarkeriaren aurka neskatoek dituzten eskubideak aldarrikatzeko.

Marriyum Aurangzeb Estatuko Informazio ministroak, familiak eta beste hainbat pertsonak lagunduta iritsi da Swatera, armadaren helikopteroan.

Swatera iritsi ostean, lagunekin eta senitartekoekin izan da Malala, Guli Bagh kadeteen unibertsitatera joan baino lehen, Mingoratik 15 bat kilometrora. "Lehen aldiz nator Swat bailarara, orain dela bost urte eta erdi erasotu nindutenetik. Ez naiz inoiz hain zoriontsu sentitu. Harro nago nire herriaz eta kulturaz", idatzi du zentroko bisita liburuan.

Pakistanera itzuliko dela zin egin du Malalak, formakuntza amaitzen duenean: "Oso zoriontsu sentitzen naiz Swaten nagoelako. Swat zeru zati bat da", adierazi dio Geo TV hedabideari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak albisteak Eguneko albisteak Giza eskubideak albisteak Asia albisteak Pakistan gaur Umeak albisteak