Mundua -
Erresuma Batua
Yulia Skripal ospitaletik atera da
Serguei Skripal eta horren alaba, Yulia, martxoaren 4an pozoituak izan ziren Salisburyn, Errusian egindako gas neurotoxiko batekin.
Agentziak | Erredakzioa
Serguei Skripal espioi errusiar ohiaren alaba, Yulia, ospitaletik atera zen atzo (astelehena) eta leku sekretu eta seguru batera eraman dute, BBC telebista kateak jakinarazi duenez. Serguei Skripal eta Yulia martxoaren 4an pozoituak izan ziren Salisburyn (Erresuma Batua).
Espioi errusiar ohiaren alabaren osasun egoera onera egiten zuela ikusita, Yuliak berak ospitaletik ateratzea eskatu zuen joan den astean.
Serguei Skripal eta horren alaba Errusian egindako gas neurotoxiko batekin pozoituak izan ziren; auziak sortutako iskanbila dela eta, Erresuma Batuko Gobernuak 23 diplomazialari errusiar kaleratu zituen.
Yulia Skripalek eskerrak eman zizkien joan den astean bere egoeraz interesatu diren guztiei eta, bereziki, Salesburyko herritarrei "ezgaituak" aurkitu zituztenean emandako laguntzagatik.
Bestalde, Serguei Skripalen egoera ez da jada horren larria eta onera egiten du, Salesburyko ospitaleak apirilaren 6an jakitera eman zuenez.
Salisburyn jasotako erasoa dela eta, Erresuma Batuko Gobernuak Errusiari egotzi zion pozoidura, erabilitako nerbio-gasa Errusian eginda baitzegoen.
Theresa May lehen ministroak 23 diplomazialari errusiar kaleratu zituen Erresuma Batutik eta Errusiak ere neurri bera hartu eta diplomazialari britainiarrak kaleratu zituen Errusiatik.
Ondoren, Europar Batasuneko 14 herrik zein AEBk, Kanadak eta Ukrainiak diplomazialari errusiarrak kaleratu zituzten, Erresuma Batuari elkartasuna adierazteko.
Errusiak betiere erasoaren erantzule izatea ukatu du, baina Londreseko Gobernuak Mosku erasoaren atzean dagoela uste du.