Mundua -
20. urteurrena
1998ko itunarentzat gero eta arrisku handiagoak daudela ohartarazi dute Ipar Irlandan
Bake akordioan bitartekaritza lanak egin zituzten pertsona ospetsuek itunaren urteurrena ospatu dute. 'Brexit'ak eskualdean arrisku berriak sortu dituela eta zatiketa areagotu dela ohartarazi dute.
Agentziak | Erredakzioa
1998an Ipar Irlandarentzako bake akordioan bitartekaritza lanak egin zituzten pertsona ospetsuek itunaren 20. urteurrena ospatu dute astearte honetan. 'Brexit'ak eskualdean arrisku berriak sortu dituela eta zatiketa politikoak areagotu direla ohartarazi dute.
Bill Clinton Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiak eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak Irlandako eta Ipar Irlandako politikariekin bat egin dute, ituna sinatzeko ekitaldiaren urteurrenean. 1998ko apirilaren 10ean sinatu zuten eta 30 urteko indarkeriari amaiera eman zion. Gatazkak ia 3.600 hildako utzi zituen.
2017ko amaieran akordioaren erdigunean zegoen administrazio bateratuak porrot egin zuen, eta, hori dela eta, ez da horren ordezkaririk izan ekitaldian. Gainera, Irlandako abertzaleen eta Erresuma Batuko unionisten arteko desadostasunak desagertzeko itxaropen handirik ez dago oraingoz.
“Kontu handia izan behar dugu”, adierazi du George Mitchell AEBko senatariak RTE Irlandako telebistan, akordioa ekarri zuten elkarrizketen gidariak. “Bizitzan ez dago ezer bermaturik”, erantsi du, indarkeriara itzultzeko arriskurik ote dagoen galdetu diotenean.
Ipar Irlandako alderdi liberalen babesak behera egin du; Unionista Demokraten eta Sinn Feinen boto bateratuak, ostera, gora egin du % 56raino 2017ko hauteskundeetan. Horrek erretorika gogortzea ekarri du.
Zentzu horretan, “konpromisoa zerbait ona izan behar da, ez hitz zikin bat, eta konpromisoak onartu zituztenak zigortzeari utzi behar diote boto-emaileek, eta saritzen hasi”, esan du Clintonek.
“Hau hiltzen uztea negargarria izango litzateke. Infernura itzultzea, etorkizunera begiratu beharrean”, gaineratu du AEBko presidente ohiak. Akordioa sinatzeko prozesuan izan zuen papera bere ondare politikoaren une gogoangarria dela erantsi du.
Erresuma Batuko Gobernuak Europar Batasuna (EB) uzteko erabakiak tentsio politikoak areagotu ditu; izan ere, Irlanda eta Ipar Irlandaren arteko ‘muga gogor’ batera eraman dezake.
Unionista Demokratekin (eskualdeko alderdi unionista nagusia) akordio batera heltzeko erabakia hartu zuen Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, eta horrek erretorika abertzalea piztu du.
“Unionismo politikoaren eragile negatiboenei, gogorrenei eta sektarioenei aktiboki lagundu die 'toryen Gobernuak, Ostiral Santuko Akordioari eraso egiteko eta hondatzeko”, kritikatu du Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohiak.
'Brexit'a akordioarentzako mehatxu zuzena da, Adamsen hitzetan. Sinn Feineko agintari ohiaren papera erabakigarria izan zen itunaren sinaduran.