Mundua -
Negueveko basamortuan
Israelek legez kanpoko etorkinen atxiloketa zentro bat eraikiko du
Netanyahu lehen ministroaren arabera, zentroak geroz eta handiagoa den etorkinen kopuruari aurre egiteko balioko du, etorkinek "Israeleko Estatuaren izaera arriskuan jartzen dutelako".
Erredakzioa
Israeleko Gobernuak atxiloketa eta erbesteratze zentro bat eraikiko du, Egiptoko mugatik Israelera sartzeko ahalegina egiten duten legez kanpoko milaka etorkinentzat, gehienak afrikarrak.
Aterperik gabeko zentroa izango da eta eraikuntza lanak sei hilabete barru hasiko dituzte Negueveko basamortuan, Israeleko hegoaldean.
Benjamin Netanyahu lehen ministroak zentroa eraikitzeko arrazoi nagusiak azaldu ditu: helburua, etorkinen kopuru "gero eta handiagoari" aurre egitea da, "israeldarren lanpostuak mehatxatu egiten dituztelako eta, Israeldar jatorrikoak ez direnez, Estatuaren izaera aldatu egiten dutelako".
Gobernuaren bileran, Eli Yishai Barne arazoetako ministroa eta alderdi ultra-ortodoxoaren liderra izan da inmigrazioari oztopoak jartzeko ideiaren defendatzaile sutsuena.
"Titularraren bila dabiltzan guztiek eta gauzak gozotzen saiatzen diren horiek gauza bat argi izan behar dute: hamar urte barru estatuko batzorde batek ikerketa bat habian jarri eta Israelen gehiengo judutarra zergatik desagertu den azaldu beharko du", esan du Yishaik.