Mundua -
Protestak
Poliziaren eta ikasleen arteko istiluak izan dira Italian
Maria Stella Gelmini Hezkuntza ministroak bultzatutako erreformaren aurka protesta egin dute ikasleek Italiako unibertsitate guztietan.
Erredakzioa
Italiako unibertsitateetako ikasleek arrautzak eta botilak bota dituzte Poliziaren aurka, Diputatuen Ganberako egoitzaren aurrean. Izan ere, Gobernuak proposatutako erreforma unibertsitarioa aurrera atera da gaur Italiako Parlamentuan.
Maria Stella Gelmini Hezkuntza ministroak bultzatutako erreformak unibertsitateen finantzaketari murrizketa berriak aplikatzea proposatzen du. Horrela, ikasketetako bekei eta ikerketari eragingo diete murrizketek. Gainera, familia bereko kideak unibertsitateetako administrazioan izatea saihestuko du lege berriak.
Erreformaren kontrako protestak Italiako unibertsitate guztietan izan dira gaur. Istilurik larrienak Erroman jazo dira, bertan Diputatuen Ganbera babesten ari ziren polizien aurka petardoak, botilak eta objektu ezberdinak bota dituzte ikasleek.
Parlamentuko egoitzan liskar larriak izan dira eta, horien ondorioz, zenbait polizia zauritu dira Erromako Corso kalean. Gainera, Estatuko 16 tren geltoki hartu dituzte ikasleek manifestaldietan, Parmakoa, Veneziakoa, Genoakoa eta Milanekoa esaterako, La Repubblica egunkariak jakitera eman duenez.
Paduako hirian unibertsitarioek tren geltokia blokeatu dute, Trenitaliak La Repubblica-ri jakinarazi dionez. Genoan gazteek istilu txiki bat izan dute Poliziarekin.
Berlusconi
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren hitzetan, benetako unibertsitarioak "etxean daude ikasten".
Berlusconiren esanetan, dekretu bidez indarrean jarri nahi duten erreforma "ona da ikasleentzat, irakasleentzat eta irakaskuntzako ororentzat". Ildo horretan, "unibertsitatea modernizatu" nahi bada, erreformak "bozketa igaro" behar du, erantsi du lehen ministroak.