Mundua -

ANALISIA

Kuba, eta orain zer?

Orain arte presidenteorde izan den Miguel Diaz-Canelek Raul Castro ordezkatu du, azken horrek herrialdearen presidentetza zuzentzen hamabi urte eman ondoren.

Raul Castro Miguel Díaz-Canelen besoa altxatzen. Argazkia: EFE
Raul Castro Miguel Díaz-Canelen besoa altxatzen. Argazkia: EFE
Raul Castro Miguel Díaz-Canelen besoa altxatzen. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den apirilaren 19an Kubako Asanblea Nazionalak Miguel Díaz-Canel aukeratu zuen hurrengo 5 urteetan Estatu Kontseiluko presidente izateko. Kargua beste 5 urtez luzatu ahalko dute, baina ez bi legealdi baino gehiago, 2011. urtean Raul Castrok zehaztu zuenaren arabera.

1959ko Iraultza izan zenetik lehen aldiz gidatuko du formalki herrialdea Castro abizena ez duen kubatar batek.

Hautagaitzen Batzorde Nazionalak apirilaren 18an, asteazkena, izendatu zuen Diaz-Canel Estatu Kontseiluko presidente, baina erabaki hori hartzeko ardura egun horretan bertan Parlamentuan kargua hartu zuten 605 diputatuek izan zuten. Diputatu bezala egiten zuten lehenengo ekitaldian, botoa eman zuten isilpean botere exekutiboak izendatu zituen pertsonak berretsi edo beste batzuk hautatzeko. Ostegunean, saioaren bigarren egunean, bozketaren emaitzak kaleratu zituzten eta Diaz-Canel berretsi zuten presidente gisa, 603 diputaturen babesa (botoen % 99,83) lortu baitzuen.

Saioan, Raul Castrok esan zuen ziur dagoela bere ondorengoak “arrakasta osoa” izango duela karguan, bere ibilbide politikoan hasiera-hasieratik “gaitasun, esperientzia eta ardura handia” erakutsi duelako. Gainera, horren esanetan, presidente berria “onena izan zen” eta Kubako agintari gorenek prestatu dituzten buruzagi gazteen artean “bizirik geratu den azkena” dela jakinarazi zuen: “Ez dago inprobisatuta eta horren igoera ez da zoriaren edo presaren emaitza izan”. Azkenik, Castro familiako anaia gazteenak 58 urteko presidente berriaren “sendotasun ideologikoa, sentikortasun politikoa eta Iraultzarekiko konpromisoa eta fideltasuna” azpimarratu zituen.

Kubako presidente berriak, bere aldetik, aurreko presidentearen bide beretik jarraitzeko asmoa iragarri zuen eta baztertu egin zuen Kuban aldaketa zakarrik izateko aukera: “Herriak Iraultzarekin jarraitzeko agindua eman dio agintaldi berri honi eta Raul Castrok gidatuko ditu Kubaren orainerako eta etorkizunerako erabaki garrantzitsuenak”.

Batistaren erregimena garaitu zuen belaunaldiak zuen barne legitimitaterik gabe heldu da Diaz-Canel, eta, horren keinu batzuk ikusita erreformistatzat hartu ahal bada ere, azken hitza Raulek eta uhartean dagoen alderdi bakarrak, Alderdi Komunistak, izango dute, zantzu guztien arabera.

Aurkakoak

Kuban egun dagoen egoera politikoaren kontra dauden sektoreetan, berriz, hemendik aurrera herrialdearen egituretan aldaketak lortzeko zalantzak azaldu dituzte.

Haroldo Dilla Alfonso kubatar soziologoaren ustez, Kuban epe laburrean “ez da aldaketa demokratikorik egongo”. Dilla Alfonsoren hitzetan, “hori ez da planteatu. Klase politikoak ez dauka horretarako presiorik. Oposizioa da presionatzen ari dena, eta zatiturik dago. Baina ez dago demokratizaziorako oinarrizko eskaririk”. Hala ere, presidente berriarekin konfiantza apur bat duela erantsi du: “Bere belaunaldikoen harremanak, bizitako esperientziak eta bere heziketa maila ikusita, orain arte agintean egon den gerontokraziak baino aldatzeko gogo handiagoa duela pentsa daiteke”.

Berta Soler kubatar presoen emazte eta senideak biltzen dituen herri mugimenduko liderrak (Zurizko Damak) esan du presidente errelebo horretatik berdina espero duela: “Erregimen totalitario eta diktatoriala da, herriak aukeratu ez duen presidente bat jarriko dute eta errepresioa areagotu egingo da. Izen aldaketa besterik ez dut espero. Estatuko politikan ez da aldaketarik egongo. Sekretismoa dago. Raul Castrok jarriko du presidentea, Fidelek Raul jarri zuen moduan”.

Ramon Saul Sanchez Demokrazia Mugimendua Miamiko oposizio erakundearen liderraren iritzian, “nazioarteak ezin du onartu nahierara egindako ordezkatze hau”, eta historikoak lehen planotik desagertuta “baliteke kubatarrek protesta gehiago egin eta erregimena astindu ahal izatea”.

Raul Castro, Alderdi Komunistaren liderra 2021era arte

Lehen urte hauek ezinbestekoak dira Kubaren etorkizunerako. Urte horietan, Diaz-Canelek Raul Castroren laguntza izango du, 2021. urtera arte egongo baita Alderdi Komunistan idazkari nagusi gisa. Kontuan izan behar da, Kubako Konstituzioaren arabera, Alderdi Komunista eta horren burua direla Kuba zuzentzen duten erakunde eta agintari gorenak, Estatu Kontseiluko presidentearen gainetik.

Beraz, uhartearen ardura Castroren eskuetan dago oraindik. Denbora hori pasatzen denean, botere transferentzia erabatekoa izango da Diaz-Canelek Alderdi Komunistaren buruzagitza hartzen badu. Hori eginez gero, aginpide guztiak izango ditu Kubako agintari gorena izateko.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken orduko albistea Kubako albisteak gaur