Mundua -
Klima-aldaketa
Kutsadura murrizteko argi eraginkorragoen alde egingo dute
Sistema eraginkorrago batzuekin gehien aurreztuko lukeen herrialdea Haiti izango litzateke, argindarraren faktura erdira murriztuko lukeelako. Ondoren Kanbodiak % 31 murriztuko luke bere faktura.
Erredakzioa
Argiztapen eraginkorrago batek errepideetatik "milioika ibilgailu" aterako lituzke, karbono dioxido (CO2) isurketak murriztea ahalbidetuko lukeelarik, Ingurumenerako Nazio Batuen Programak (PNUMA) gaur argitaratutako txosten baten arabera.
Sistema eraginkorrago batzuekin gehien aurreztuko lukeen herrialdea Haiti izango litzateke, argindarraren faktura erdira murriztuko lukeelako. Ondoren Kanbodiak % 31 murriztuko luke bere faktura, Mexikok % 4,5, Errusiak % 4, Indiak % 3,6, Brasilek % 3 eta AEBek % 2, NBEko agentziak egindako azterketak Mexikon azaldu duenez.
Munduko argindar kontsumoaren % 2 aurreztuko luke Lurrak trantsizio horrekin, izan ere, sektore horrek 1.528 CO2 megatona sortzen ditu, munduko isurketen % 8.
PNUMA Klima-aldaketaren NBEko Aldeen XVI. Biltzarrean (COP16) parte hartzen ari da Cancunen (Mexiko). PNUMAren hitzetan, "klima-aldaketa kontrola" daitekeela demostratu behar du munduak ahalik eta lasterren eta "argi eraginkorragoak erabiltzea, hori egiteko modurik azkarrena izan daiteke".
Foku goriak
Gaur egun munduko argi merkatuen % 50-70 bitartean foku gorietan oinarritzen dira, baina argi horiek ez dira batere eraginkorrak, izan ere, igortzen duten energiaren % 95 beroa da, CFL eta LED argiekin alderatuta, ikerketaren arabera.
Gainera, foku goriek 1.000 orduko iraupena dute. Sistema eraginkorragoek, ostera, 6.000 eta 12.000 orduko iraupenak dituzte.
Azterketaren arabera, argindarrean egindako gastua 280 milioi dolar murriztu dezake Hegoafrikak , eta Indonesian argiztapen eraginkorrago batek urtero 8 milioi tona CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetuko luke.
Latinoamerikan, aldaketa horren onuradun nagusia Guatemala izango litzateke, bere argindarraren faktura % 9,8 murriztuko lukeelako.
PNUMA eta Global Environmental Facility (GEF) erakundearen arabera, argiztapen sistema eraginkorragoetara igarotzeko trantsizioan 40 bat estatu daude lanean.