Mundua -

Neurriak

Banesco bankuko 11 zuzendari atxilotu dituzte Venezuelan, finantza-delituak egotzita

Gainera, herrialdeko banku pribatu nagusia 90 egunez esku hartuko dutela iragarri du Venezuelako Gobernuak. “Herria babesteko” neurria dela esan du Maduroren Exekutiboak.

Nicolas Maduro. Artxiboko irudia: EFE
Nicolas Maduro. Artxiboko irudia: EFE
Nicolas Maduro. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Banesco bankua 90 egunez esku hartuko dutela iragarri du Venezuelako Gobernuak, herrialdeko banku pribatu nagusiaren 11 zuzendari atxilotu ondoren, finantza-delituak leporatuta.

“Herria babesteko” neurria dela esan du Nicolas Maduroren Exekutiboak. “Bankuaren administrazioa bideratu eta onbideratzea” espero dute horrela, “finantza-delituak egiteko legez kanpoko jarduera guztiak ezabatuz”.

Wilmar Castro Soteldo Ekonomia ministrordeak adierazpen ofiziala sinatu du. Horren esanetan, irregulartasunak antzeman dituzte bankuan, “gure legeek tipifikatzen dituzten urraketak, kapitalen legitimazioan ageriko gabezia larriak bereziki”.

Bankua esku hartuta dagoen bitartean, “entitatearen jarduera mantenduko dute”, eta “sistemaren bezeroei normaltasun osoz zerbitzua ematen jarraituko du”.

Yomana Koteich Finantza ministrordeak zuzendutako administrazio batzorde bat izendatuko du Gobernuak, eta “bezeroen zein akziodunen eskubideak une oro bermatuko ditu, baita operazioen gardentasuna ere”.

 

Venezuelako buruzagien hitzetan, diruaren “erabilera okerra” egin du bankuak

 

“Kapitalen legitimazioaren eta terrorismoaren finantziazioaren aurka borrokatzea” du helburu nagusi Exekutiboak, “baita aurreztaileen babesa bermatzea ere, kalte egin dietelako eta erabili dituztelako”.

Venezuelako buruzagien hitzetan, diruaren “erabilera okerra” egin du bankuak, “dibisen merkatua desitxuratzeko”.

Juan Carlos Escotet Banesco Internacionaleko presidenteak jakitera eman duenez, “datozen orduetan” itzuliko da Venezuelara “aurpegia ematera” (Portugalen dago).

Aurretik, Banescoko 11 zuzendariren atxiloketaren berri eman du Tarek William Saab Venezuelako fiskalburuak. Besteak beste, Oscar Doval Banescoko presidentea atxilotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Venezuela Nicolás Maduro