Mundua -
Eraso terrorista
Gutxienez hildako bat eta zortzi zauritu labanaz egindako eraso batean, Parisen
Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Amaq agentziak zabaldutako ohar labur baten arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Pertsona bat hil eta beste zortzi zauritu ditu gizon batek labankadaz, Pariseko erdigunean. Horietatik bi larri daude.
Poliziak erasotzailea hil du. Gizonak "Allah Akbar" (Ala handia da) esan du, oihuz, erasoa egin duenean. Txetxeniarra zela azaldu dute agintariek.
Terrorismoaren aurkako Fiskaltza ari da geratutakoa ikertzen.
Monsigny kalean izan da erasoa, asteburuetan jende asko biltzen duten taberna eta jatetxeak dauden auzo batean. Quatre-Septembre metro geltokia itxi egin dute.
"21:00ak baino apur bat lehenago, jendea jatetxean sartzen hasi zen, gizon bat kanpoan zegoela oihukatuz, eta eskuan odolez zikindutako labana bat zuela", esan dio auzoko batek Le Parisien egunkariari.
Lekukoa bikotekidearekin afaltzen ari zen jatetxean: "jendeak lurrera bota du bere burua, beldurrez". Kontatu dutenez, bezeroek jatetxeko atea trangatu dute, erasotzailea sar ez zedin, eta pixkanaka normaltasuna itzuli da.
Gerard Collomb Barne ministroak segurtasun indarren "odol hotza" nabarmendu du, eta zoriondu egin ditu erasotzailea "neutralizatzeko erantzuna".
Agression à #Paris : je salue le sang froid et la réactivité des forces de police qui ont neutralisé l’assaillant.Mes premières pensées vont aux victimes de cet acte odieux.
— Gérard Collomb (@gerardcollomb) 12 de mayo de 2018
Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa
Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Amaq agentziak hedatutako ohar labor batean. Idatzian zehazten denaren arabera, "Estatu Islamikoko soldadu bat" izan da egilea.
Horrez gain, "herrialdeei eraso egiteko AEBk gidatutako nazioarteko koalizioaren aurka egiteko erantzuna" izan dela azpimarratu du EIk testuan.
Frantziak ez duela milimetro bat ere etsiko esan du Macronek
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak polizia zoriondu du "terroristaren aurka egiteagatik". Frantziak ez du "milimetro bat ere etsiko askatasunaren arerioei dagokienez", esan du Macronek Twitter bidez.