Mundua -
Iruzkina
Txinak garrantzi politikoa nahi du
Beijingeko Gobernuak Mendebaldeari aurre egiteko talde bat gidatu asmo du.
Jesus Torquemada
Txina prest dago bere indar ekonomikoa indar politiko bilakatzeko. AEBei lekua kenduz, munduko lehen indarra izan nahi du zentzu guztietan. Horretarako, ordea, Mendebaldeak egun duen nagusitasunari aurre egingo dion talde baten buru izatea lortu behar du.
Txinak dio Mendebaldeko demokrazia ez dela sistema politikorik onena, eta 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasota dauden Giza Eskubideak ez direla halabeharrez leku guztietan onargarriak. Ideia hori oso erakargarria da euren burua anti-inperialista jotzen dutenentzat, eta oro har edozein gobernu autoritariorentzat.
Txina egiten ari dena oso erakargarria da diktadore izan nahi dutenentzat: hazkunde ekonomiko jarraituari eutsi eta aldi berean atek itxi oposizioari.
Txinan alderdi bakar batek agintzen du, komunistak. Berak esaten du zein giza eskubide diren ezartzeko modukoak, eta zeintzuk ez. Horregatik ez zaio batere gustatu Gobernu txinatarrari Liu Xiaobo disidenteari Bakearen Nobel saria eman izana.
Hogei herrialdek Oslon egin behar den ekitaldiari boikot egitea lortu du, batzuk aliatu ideologikoak direlako, eta beste batzuk errepresalia komertzialen beldur direlako.
Gainera, Bakearen Konfuzio Saria sortu du, presaka. Sari hori jaso behar duen Taiwango presidente ordeak ere ez zuen horren berri.