Mundua -

AEB

Gutxienez 10 pertsona hil dituzte tiroketa batean, Texasen

Tiroketa Santa Feko institutu batean gertatu da, Texaseko hego-ekialdean. Dimitrios Pagourtzis ustezko erasotzailea institutuko 17 urteko ikasle bat da. Dagoeneko atxilotu dute.

Tiroketa Santa Feko (Texas, AEB) institutu batean. Irudia: Agentziak
Tiroketa Santa Feko (Texas, AEB) institutu batean. Irudia: Agentziak
Gutxienez zortzi pertsona hil dituzte tiroketa batean, Texasen

2:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 10 pertsona, 9 ikasle eta irakasle bat, hil dituzte gaur Santa Feko (Texaseko hego-ekialdea) institutu batean gertatu den tiroketan. Houston Chronicle egunkariak iturri ofizialak aipatuz jakitera eman duenez, zenbait lagun zauritu dituzte tiroketan, tartean polizia bat. Honezkero 22 tiroketa gertatu dira AEBko ikastetxeetan, 2018an.

Ed Gonzalez Harris konderriko sheriffak prentsaurrekoan ziurtatu duenez, “hildako gehienak ikasleak dira”, eta zaurituak gazteak zein adinekoak dira.

Gainera, dozena bat pertsona baino gehiago artatu dituzte larrialdietan, osasun zerbitzuetako bozeramaileek jakinarazi dutenez, horien artean polizia bat. Zaurituetako batzuk egoera kritikoan daude.

Dimitrios Pagourtzis ustezko erasotzailea institutuko 17 urteko ikasle bat da. Dagoeneko atxilotu dute, Gonzalezek baieztatu duenez. Gertakariarekin lotuta beste pertsona bat galdekatzen ari direla ziurtatu du, baina ez du arrazoirik zehaztu.

Pagourtzisen sare sozialetako pantaila-argazkiak argitaratu dituzte komunikabide ezberdinetan. Gaztea armekin, ikur naziekin eta "Born to kill" leloa duen kamiseta batekin agertzen da.

Erasotzaileak AR-15 errifle, pistola bat eta eskopeta bat erabili ditu.

Ikasle lekukoek ziurtatu dutenez, lehenengo leherketak entzun dituzte, eta ondoren irakasle bat su-alarma jo du, abisua emateko; ikasleak eraikinetik korrikan atera dira une horretan, eta ustezko erasotzaileak tiro egiteko aprobetxatu du.

Poliziako artezilariek eskola miatu dute, lehergailuak ezkutaturik egon zitezkeelakoan; izan ere, atxilotuak bonbak tokian uzteko mehatxu egin du.

Gutxi geroago, ikastetxe barruan eta inguruetan lehergailuak aurkitu dituztela baieztatu du Santa Feko Eskola Barrutiak.

“Lehergailuak topatu dituzte eskolan eta inguruetan. Komunitateko kideak pakete susmagarriekin eta tokiz kanpo dirudien edozein gauzarekin adi egon behar dira”, idatzi du Eskola Barrutiak Twitterren.

Hasiera batean, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak herriari elkartasuna adierazi dio mezu labur batekin, Twitter sare sozialean: “Texaseko eskola batean tiroak. Aurreneko txostenak ez dira positiboak. Jainkoa zuekin!”, idatzi du Trumpek.

 

 

Geroxeago, tiroketa “beldurgarria” izan dela esan du Trumpek. Mota honetako gertakariak AEBetan “duela gehiegi gertatzen” direla onartu du.

“Gure herrian horrelakoak duela gehiegi gertatzen ari dira. Urte gehiegi. Hamarkada gehiegi”, adierazi du Etxe Zurian, ekitaldi batean. “Ikaragarria da (…) Gaur egun tristea da, oso, oso tristea”, erantsi du.

 

Trump: "Gure herrian horrelakoak duela gehiegi gertatzen ari dira"

 

Buruzagiaren hitzetan, bere gobernuak “eskura duen guztia egingo du ikasleak babesteko” eta “armak euren buruarentzako zein besteentzako mehatxu bat diren eskuetatik urrun mantentzeko”.

Parklandeko (Florida) eskola batean beste tiroketa bat gertatu zen orain dela gutxi, otsailean, hain zuzen ere. Orduan 17 pertsona akabatu zituen erasotzaileak. Sarraskia gertatu ondoren, armen kontrola indartzeko manifestazioak egin zituzten AEBetan, baina agintariek ez zuten legedian aldaketarik egin.

Ikasleen segurtasuna sendotzeko neurri bezala hezkuntza zentroetako irakasle batzuk armatzea defendatu zuen Trumpek, baina proposamenak polemika handia sortu du.

Santa Fe 12.000 biztanleko hiri bat da eta Houstonetik 55 kilometrora dago, hego-mendebaldera.

 

Emma Gonzalez, Parklandeko sarraskitik onik atera zen ikaslea: "'Pentsamendu eta errezoak' baino gehiago merezi duzue"

 

Parklandeko sarraskitik bizirik atera ziren gazteak Santa Feko tiroketa deitoratu dute gaur, eta mota honetako gertakariak saihesteko neurriak hartzea eskatu diete politikariei.

Emma Gonzalezek, armei murrizketak ezartzearen aldeko mugimenduaren aurpegirik ezagunenetako batek, politikariak kritikatu ditu Twitter sare sozialean, haien ohiko elkartasun mezuengatik.

“Santa Feko eskola, ez duzue hau merezi. Zuen bizitza osoan bakea merezi duzue, eta ez bakarrik zuen gainean hilarria jarri ondoren. ‘Pentsamendu eta errezoak’ baino gehiago merezi duzue”, idatzi du.

Politikarien lanarekin haserre agertu den Parklandeko beste ikasle bat David Hogg izan da. Datozen bi asteetan buruzagiak komunikabideetan agertuko dira, gertatutakoa axola izango balitzaie bezala, deitoratu duenez.

Azaroko hauteskundeei begira, “onarpen indizeak gora egitea bakarrik” lortu nahi dute, Hoggek salatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Albisteak