Mundua -
Krisia Italiako Gobernuan
Berlusconik gainditu egin du zentsura mozioa
Italiako lehen ministroak hiru botoko aldeaz irabazi du bozketa, eta karguan jarraitu ahal izango du legegintzaldia amaitu arte.
Erredakzioa
Italiako Diputatuen Ganberak errefusatu egin ditu gaur Silvio Berlusconi lehen ministro kontserbadorearen Gobernuaren aurkako zentsura mozioak, hiru botoko aldeaz.
Mozioak ezkerreko alderdiek eta Gianfranco Fini aliatu ohiaren taldeak aurkeztu zituzten, azken horrek oposizioko zentro-eskuindarrekin, eta batera bozkatu dituzte.
Hain zuzen ere, Berlusconi Gobernutik kanporatzeko eskaerak aurkako 314 boto izan ditu, aldeko 311, eta bi abstentzio.
Hemendik aurrera, Berlusconik akordioak lortu beharko ditu, Etorkizuna eta Askatasuna (FLI) eta Zentro Batasuna alderdiekin batik bat, legegintzaldian aurrera egin ahal izateko.
Izan ere, FLIren diputatu batzuek galarazi dute lehen ministroak bozketa galtzea, Gobernuaren alde bozkatu baitute.
Bozketa tentsioz josia izan da, FLI barruan Berlusconiren aurka eta alde bozkatu duten diputatuen artean batez ere.
Haien buruzagiak, Gianfranco Finik, Berlusconiren aurka bozkatzeko dei egin zuen, eta lehen ministroak irabaziko balu Kongresuko presidente kargua utziko lukeela ohartarazi zuen. Hori dela eta, bozketaren ostean "dimisioa, dimisioa", oihukatu diote Gobernuan dagoen koalizioko kideek.
Istiluak Ganberaren barruan eta kanpoan
Bozketa egin baino lehen, Berlusconiren aurka protesta egin duten manifestariek istilu larriak izan dituzte Poliziarekin Erromako erdigunean. Behe Ganberaren barruan ere liskarrak izan dira.
Oposizioak manifestazioak deitu zituen gaurko, eta bertan unibertsitarioak, Aquilako lurrikararen eta Napoleseko zaborraren gatazkarne kaltedunak ere izan dira.