Mundua -

Debekua

Frantziak telefono mugikorrak debekatu ditu eskoletan

Ikasleek ezin izango dute mugikorrik erabili lehen mailako eta bigarren mailako ikastetxeetan, ezta institutuetan ere. Neurria datorren ikasturtean sartuko da indarrean.

Frantziako Parlamentuak mugikorrak debekatu ditu eskoletan. Artxiboko irudia: EiTB
Frantziako Parlamentuak mugikorrak debekatu ditu eskoletan. Artxiboko irudia: EiTB
Frantziak telefono mugikorrak erabiltzea debekatu du eskoletan

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Asanblea Nazionalak datorren ikasturtetik aurrera telefono mugikorrak erabiltzea debekatu du eskoletan eta institutuetan. Emmanuel Macron presidenteak hauteskunde-kanpainan babestutako neurria da.

Asanblea Nazionalean lehenengo irakurketan egindako botoa Senatuak balioztatu behar du, oraindik zehazteko dagoen egun batean. Akordio batera iritsi ezean, batzorde misto batek jo beharko luke baliozkotzat, Behe Ganberako iturriek azaldu dutenez.

Lege-proposamenaren arabera, barne-araudiak espresuki hala baimentzen ez duen lekuak salbu, ikasleek ezin izango dute mugikorrik erabili lehen mailako eta bigarren mailako ikastetxeetan, ezta institutuetan ere.

Ez dituzte zehaztu ez balizko zigorrak ez betoa ezartzeko modua ere, baina ikasleen motxilak eta arriskutsuak ez diren objektuak miatzea debekatuta dagoela kontuan izanda, ikasleek nahikoa izango lukete mugikorrak itzalita eta irakasle eta zaindarien bistatik kanpo izatea, Frantziako komunikabideen arabera.

Errepublika Martxan Macronen alderdiak babestutako testuak dioenez, mugikorrak erabiltzeak "eskolako giroa hobetzearekin bat ez datozen hainbat disfuntzio sortzen ditu". Debekuak kontzentrazioari mesede egiten dion ingurua bermatzea ahalbidetuko duela ere irakur daiteke.

Jolasaldian ere "kaltegarria izan daiteke, jarduera fisikoa murriztu eta interakzio sozialak mugatzen dituelako", nabarmendu du.

Arriskua duten jarduerak sustatzeko aukera

12 eta 17 urte arteko gazteen % 93k telefono mugikorra zuten 2016an, komunikazio elektronikoak erregulatzeko aginpidearen arabera; 2005ean, aldiz, % 72k zuten.

Diputatuen arabera, erabilerak arriskua duten jarduerak sustatu ditzake, besteak beste, erasoa eta sexismoa Interneten, baita ikasleek "indarkeriazko edukiak" ikustea ere.

Debeku honekin marko juridikoa eman nahi diote herrialdeko 51.000 eskoletan eta 7.100 institutuetako batzuetan gero eta zabalduago dagoen praktikari. Ganberan atera dituzten ondorioak "pozgarriak" izan direla adierazi dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak