Mundua -

Ipar Korea

AEBk eta Ipar Koreak goi-bilera historikoa egingo dute, ondorioa garbi ez badago ere

Donald Trump eta Kim Jong-un Sentosa irlako hotel batean bilduko dira, eta lehendabiziko 45 minutuetan bakarka egongo dira aurrez aurre.

Kim Jong-un eta Donald Trump. Argazkia: EFE
Kim Jong-un eta Donald Trump. Argazkia: EFE
Kim Jong-un eta Donald Trump. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreako eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak negoziatzen jarraitu dute gaur, astearte honetan bi herrialde horiek egingo duten lehen goi-bilera prestatzeko.

Pyongyango erregimenak arma nuklearrak suntsitzea da batzarraren helburua, baina Donald Trump eta Kim Jong-un agintarien izaerak aintzat hartuta, zaila da topaketa historiko horrek zer emango duen aurretik jakitea.

Goi-bilera Sentosa irlako luxuzko hotel batean egingo dute. Kazetarien eta komunikabideen aurrean elkar agurtu ostean, bi agintariak 45 minutuz bakarka batzartuko dira, eta tarte horretan beren itzultzaileak baino ez dira egongo eurekin. Ondoren bi herrialdeetako ordezkaritzek lan-bilera egingo dute, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Trump astearte arratsaldean, 19:00ak aldera, bueltatuko da Estatu Batuetara.

Goi-bileraren bezperan, bi herrialdeetako talde negoziatzaileak lanean izan dira Singapurren, Ipar Korearen arma nuklearrak suntsitzea ekarriko lukeen akordio bat ahalbidetu nahian.

Batzarra historikotzat jo da, baina ez dago batere argi nola amaituko den eta eraginkorra izango den ala ez. Batzuek uste dute  asmo onak erakusteko adierazpen soil batekin bukatuko dela bilera; beste batzuen iritzian, berriz, bi agintariak armak nuklearrak deuseztatzeko prozesu bat adosteko gai izango dira.

Ildo horretan, Mike Pompeo Estatu Batuetako Estatu idazkariak esan du bilerak arrakasta izango duela, baina zehaztu du hau guztia "prozesu luze baten hasiera" baino ez dela.

"Elkarrizketa hauek ondoren egin beharko den lan zailaren abiapuntu izango dira", azpimarratu du.

Ipar Koreako komunikabidek gaur argitaratu dutenez, bi herrialde horien arteko aro berri baten hasiera da eta "behin betiko bakearen eraikuntza" eta "arma nuklearren suntsipena" izango dira goi-bileran jorratuko dituzten gai nagusiak.

Ipar Korearen armagabetzea nola gauzatu eta prozesu horren epeak zehaztea izango da zailena.

Joan den apirilaren 27an, Hego Korearekin egindako goi-bilera batean, Kim Jong-unek iragarri zuen arma nuklearrei uko egiteko prest zegoela, baina aldebakarreko formularik onartuko ez zuela eta prozesu hori zatika egin beharko litzatekeela nabarmendu zuen.

Bestalde, AEBko Gobernuak sarritan esan du akordio batera heltzeko ezinbestekoa dela arma nuklearren deuseztapen prozesu hori "erabatekoa, egiaztagarria eta atzeraezina" izatea. Alabaina, azken egunotan armagabetze prozesua "zatika" egitea onartzeko prest egongo litzatekeela adierazi du Trumpek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea