Mundua -

Gose greban

Kartzelatutako marihuana landatzaile batek polemika piztu du Suitzan

Rappazek 35 kilo galdu ditu eta Daniel Cohn-Bendit politikari alemaniarra eta Europako Parlamentuko kidea eta Jose Bove nekazaritza sindikalista bezalako pertsona ospetsuen babesa lortu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kartzelatutako marihuana landatzaile baten kasuak eztabaida sortu du Suitzan. Batzuk ulertzen ez duten idealistatzat daukate, beste batzuk, berriz, trafikantea dela diote. Azken 114 egunak gose greban igaro ditu eta egoerak nazioartean bere aldeko mobilizazioa ere eragin du.

57 urteko Bernard Rappaz marihuana landatzen zuen ekologista da. Landatutakoa infusioak eta antzerako produktuak bihurtuta saltzen zuen. Epaitegiek bost urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra jarri zion estupefazienteen legea hausteagatik. Zigorra bidegabekoa dela uste du Rappazek eta gose greban jarri da.

Azukrea, gatza eta bitaminak

Gose greban igarotako lau hilabeteetan, Rappazek 35 kilo galdu ditu, nahiz eta azukre eta gatz dosi txikiak hartu, bitamina batzuekin batera. Justiziak atzera egiten ez badu, senitartekoek indarrik gabe geratu eta hiltzeko beldur dira.

Rappazen defendatzaileek, Daniel Cohn-Bendit politikari alemaniarra eta Europako Parlamentuko kidea eta Jose Bove nekazaritza sindikalista tartean, Justiziari zigorra bertan behera uztea eskatzen diote. Euren ustez, Rappaz diferentzia eta marjinalitatea zigortzen dituen sistemaren biktima da eta Suitzako gizarteari "hipokresia" leporatu diote, Rapazzekin bihozgabe jokatzeagatik "drogaren mafiak" ugaritzen ari diren bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea