Mundua -
Kuba
Raul Castro: 'Edo okerrak zuzentzen ditugu, edo hondoratu egingo gara'
Erreforma ekonomikoak egiteko planak sozialismoa hobetzeko asmoa duela azpimarratu du Raul Castrok, eta ez "Kuban kapitalismoa ezartzea edo iraultza galdutzat ematea".
Erredakzioa
Raul Castro Kubako presidenteak hitzaldi kritikoa eta gogorra egin du. Bere hitzetan, ezinbestekoa da herriak berak eta agintariek "egindako hutsak zuzentzea, bestela, Iraultza eta belaunaldi askoren ahaleginak hondoratu egingo dira".
"Edo akatsak zuzentzen ditugu edo amildegiaren ertzean jolasteari uzten diogu, bestela, hondoratu eta belaunaldi osoen lana ezer ezean geratuko da" esan du Castrok Kubako Asanblea Nazionalean.
Hitzaldiak bi ordu luze iraun ditu eta Castrok aurretik egindako hutsen errepasoa egin du, sozialismoaren gaizkiulertuak kritikatuz. Horrez gain, Kuban egingo diren erreformekin batera agintariekin jarrera oso zorrotza izango dela aurreratu du.
Gai honen inguruan, Raul Castrok sozialismoa hobetzen jarraitzeko izendatu zutela azpimarratu du, eta ez "Kuban kapitalismoa ezartzeko ezta iraultza alde batera uzteko ere".