Mundua -
Iruzkina
Bi herrialdeen gatazkak lauri eragiten die
Badirudi koreek elkar joka aritzeko erabakia hartu dutela eta gainerakoek lan handia egin beharko dute borroka ez dadin gerra bihurtu.
Jesus Torquemada
Bi Koreen arteko tentsioak lau herrialderengan izango du zuzeneko eragina. Horietako bat AEB dira. Hego Korearekin defentsa hitzarmena dute eta 30.000 soldatu inguru dituzte herrialde horretan. Ipar Korea eta Hego Korearen arteko gerra hasten den unetik, beraz, Ipar Korea eta AEBen arteko gerra ere piztuko da.
Krisi horrek zuzenean eragiten dion bigarren herrialdea Txina da,izan ere, Ipar Koreari babesa ematera behartuta dago. Wikileakseko paperek agerian utzi dute txinatarrei ez diela axola Ipar Koreako erregimena erortzea, beti ere Txinak Koreako penintsula osoan duen eragina aintzat hartzen bada. Ezin du onartu Ipar Korea AEBen kontrako gerra batean garaitua izatea, horrek erakutsiko bailuke Asian agintzen dutenak AEB direla eta ez Txina.
Japoniak ere badu guzti honetan zer esanik. Ez da lasai bizi Ipar Koreak bonba nuklearrak eta misilak dituela dakienetik, Japoniaren kontra bota ditzakeelako. Gauzak horrela, oso zaila izango litzateke bi Koreen arteko gerra piztuko balitz Japoniak ez esku hartzea.
Laugarren herrialdea Errusia dugu. Horrek oso muga txikia du Ipar Korearekin. Ez litzateke zuzenean gerra horretan sartuko, baina inguru horretan tentsioa sortzea ez zaio batere komeni. Errusia da hain zuzen ere Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren bilera deitu duena.
Oraingoan arazoa serioa da. Badirudi bi Koreek elkarri aurre egiteko erabakia hartua dutela eta beharrezkoa izango da gainerakoek ahalegin handia egitea egoera baretu eta gerra batera iritsi ez daitezen.