Mundua -

Iruzkina

Aiatolahk zinea ez du gustuko

Irango Gobernuak inoiz ez du gustuko izan Panahi zinemagilea eta ahaleginak eta bi egin ditu bere lana oztopatzeko. Martxoan atxilotu egin zuten eta orain zigorra ezarri diote.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jafar Panahi atzerrian ospe handia duen zine zuzendari irandarra da. Bere pelikulak Venezian eta Cannesko Zinemaldietan sarituak izan dira eta harrera ona izan dute Donostiako Zinemaldian ere. El círculo da nazioartean bere obrarik ezagunena.

Panahi inoiz ez da Irango Gobernuaren gustukoa izan, eta hain zuzen ere Gobernuak ahaleginak eta bi egin ditu bere lana oztopatzeko. Joan den martxoan atxilotua izan zen, maiatzean gose greba hasi zuen eta egun gutxira utzi zuten aske 160.000 euroko bermea ordainduta, epaiketa egin arte.

Gobernuaren kontrako konspirazioa eta propaganda txarra egitea egozten diote eta orain jakin da epaia: sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote, Irandik irteteko debekua eta baita elkarrizketak eskaintzekoa ere. Hori gutxi balitz, gainera, 20 urtez filmak zuzentzea eta gidoiak idaztea ere debekatu diote.

Zigor horrekin pentsa liteke Panahik indarkeriara bultzatzen duten filmak egiten dituela, baina ez da horrela. Irango gizartearen arlo ezberdinak erakusten dituen argazkiak dira bere filmak, batzuetan komedia giroan eginak, Offside filma kasu. Bertan futbola gogoko duten neska batzuen historia kontatzen du, estadio batean sartzeko egiten duten ahalegina, jakinik emakumeek sarrera galarazita dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea