Mundua -

Hauteskundeak Turkian

Erdoganek presidentetzarako hauteskundeak irabazi ditu, bozen % 50 baino gehiagorekin

Sadi Guven Turkiako Hauteskunde Batzorde Goreneko buruzagiak Erdoganen garaipena baieztatu du.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.
Erdogan, bost urte gehiago agintean

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako egungo presidenteak bozen % 52,8 lortu du igande honetan Turkian izan diren presidentetzarako hauteskundeetan. Gehiengo absolutua eskuratuko luke horrela eta, horren ondorioz, ez lukete bigarren itzulirik egin behar, Anadolu albiste-agentziak zabaldu duenez. Dena dela, boza-zenbaketa egiaztatu behar du oraindik Hauteskunde Batzordeak.

Emaitzak ezagutu ostean, garailetzat jo du bere burua Erdoganek telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean. "Emaitza ez ofizialak ditugu. Horren arabera, presidente eta Exekutiboaren burua izateko agindua eman dit herriak", esan du Erdoganek.

Bere agintaldian Justizia eta Garapena Alderdiak sustatutako garapen ekonomikoan eta demokrazian ez dagoela "atzerapausorik" azpimarratu du Erdoganek.

Anatolia albiste-agentziak argitaratutako emaitza ez ofizialen arabera, Erdoganen alderdiak bozen % 52,8 lortu du, jarraian Herriaren Alderdi Errepublikanoa (bozen % 30,7), kurduen aldeko Selahattin Demirtas alderdia (% 8,1) eta Meral Aksener kontserbadorea (%7,4). Gainerako hautagaiek ez dute bozen % 1 ere lortu.

Sadi Guven Turkiako Hauteskunde Batzorde Goreneko buruzagiak Erdoganen garaipena baieztatu du.

“Boton % 97,7 zenbatu dituzte. Zenbatu gabeko botoek ez dute emaitza aldatuko. Ondorioz, presidentetzarako hauteskundeak irabazi ditu Erdoganek”, adierazi du Guvenek agerraldi batean, Ankaran.

“AKP, CHP, HDP eta IYI alderdiek eta MHP abertzaleak botoen % 10eko muga gainditu dute”, erantsi du Guvenek, alderdi bakoitzak lortutako portzentajea zehaztu barik.

Anadolu agentziak jakitera eman dituen emaitzen arabera, AKP alderdirik bozkatuena izan da, baina bozen % 42,5arekin, 2002az geroztik zuen gehiengo absolutua galdu du.

Hala ere, MHP abertzalearekin batera gehiengo erosoa izango du Parlamentuan. MHPk botoen % 11,1 eskuratu ditu.

Hildakoak

Hiru lagun hil dira eta gutxienez beste 19 atxilotu dituzte igande honetan Turkian, hauteskunde-egunean zehar. Erzurumeko hautesleku batean, Turkiako ekialdean, liskarra izan da, eta hiru lagun tiroz hil dituzte eta beste hiru zauritu, Cumhuriyet kazetak zabaldu duenez. Bozkatzera joandako bi herritar eta Mehmet Siddik Durmaz IYI alderdi opositorearen burua dira hildakoak.

Alderdi Errepublikanoaren kide batek azaldu duenez, Barne Ministerioaren 20 bat agente eta Gobernuko kide gazte bat (Justizia eta Garapena alderdikoa) heldu dira hauteslekura, eta bertan geratzeko asmoa erakutsi dute. Alderdi Errepublikanokoek aurre egin diete, eta borroka jazo da. Iritsi berriak tiroka hasi dira, eta Durmaz eta beste bi herritar horiek hil dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Nazioartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Turkia berriak Hauteskundeak Asia