Mundua -

Hauteskundeak

Hauteskunde presidentzial historikoak egingo dituzte igande honetan Mexikon

Indarkeria eta ustelkeria dira herrialdeko politika goitik behera alda dezaketen hauteskundeetako ardatzak.

López Obrador
López Obrador
Andres Manuel Lopez Obrador ezkertiarra da faboritoa inkesta guztietan

2:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presidentziarako hauteskunde historikoak egingo dituzte gaur Mexikon. Izan ere, ezkerrak izan dezake presidentziako giltza, hainbat hamarkadatan lortu gabe egon ostean, Andres Manuel Lopez Obrador politikari beteranoaren eskutik. Azken urteko inkesten arabera, faborito nagusia da.

Azken galdeketek botoen % 50 eman diote ezkerreko hautagaiari; hala balitz, garaipena lortuko luke, itzuli bakarreko hauteskunde sistema baitute Mexikon.

Dena den, Lopez Obradorrek badaki posible dela iragarpenak ez betetzea. 2006an saiatu zen presidentziara iristen, baina galdu egin zuen. 2012an ere ahalegina egin zuen arren, bigarren geratu zen, Enrique Peña Nietoren atzetik.

Hortaz, gaurkoa hirugarren saiakera izango du. MORENA mugimenduak gidatutako koalizio ezkertiarrarekin egingo du lehia, Lanaren eta Topaketa Sozialaren Alderdiarekin (Juntos Haremos Historia).

PRD alderdia izango du aurrean Lopez Obradorrek. Ezkerreko talde horrek Ricardo Anaya buru duen koalizioarekin bat egitea erabaki du, PAN eta Herritarren Mugimenduarekin, kontserbadoreak biak. Anaya hautagaia bigarren postuan ageri da inkesta guztietan, botoen % 25 izango bailituzke.

Horrez gain, Jose Antonio Meade PRI alderdiko hautagaia ere presidentziarako lehian arituko da gaurko hauteskundeetan. Botoen % 20 lortuko dituela aurreikusi dute inkestek.

Azken hamarkaden Mexikok izan duen lehen presidente ezkertiarra

Iragarpenak betetzen badira, ezkerrak azken hamarkadetan Mexikon izandako lehen presidente ezkertiarra izango da Lopez Obrador.

"Iraultza baketsua izango da, txukuna baina sakona. Erradikala esango nuke nik", adierazi zuen hauteskunde kanpainaren itxiera ekitaldian, joan den asteazkenean.

Gizarte arloko gaien inguruan, erregaien prezioak bere horretan utziko dituela hitzemateaz gain, nekazaritza produktuen prezioak mugatuko dituela esan du. Halaber, soldatak, pentsioak eta bekak ugaritzeko asmoa azpimarratu du Lopez Obradorrek.

Kanpaina odoltsua

130 politikari hil dituzte Mexikon hauteskunde kanpainan: besteak beste, Lopez Obradorren MORENA alderdiko bost kide. Aste honetan bertan hil dituzte tiroz Oaxacako landa eremuan.

Estatuko buru berriaz gain, 3.400 karpu publiko berrituko dituzte gaurko hauteskundeetan (alkateak, gobernadoreak, diputatuak eta senatariak), eta horrek eragin du indarkeria oldea. Izan ere, antolatutako krimenaren eta politikaren arteko lotura estuagoa da politika maila horietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Mexiko argazkiak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak