Mundua -

Hauteskundeak

Lopez Obradorrek irabazi ditu Mexikoko hauteskundeak

Mexikoren historia modernoan lehen aldiz, ezkerrak irabazi ditu hauteskundeak. Zenbaketa amaitu ez bada ere, Hauteskunde Batzordeak eta beste alderdiek garaipena aitortu diote ezkerreko hautagaiari.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Lopez Obradorrek irabazi ditu Mexikoko hauteskundeak

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko hautagaiak irabazi ditu igandean Mexikon presidentea aukeratzeko egin diren hauteskundeak. Hauteskundeetarako Institutu Nazionalak (INE) egindako kontaketa azkarraren arabera, botoen % 53 jaso ditu. Mexikoren historia modernoan lehen aldiz, ezkerreko presidentegai batek irabazi ditu hauteskundeak.

7.700 hauteskunde-akta kontuan hartuta Lorenzo Cordova INEko presidenteak aurreratu duenez, Lopez Obrador gailendu da Ricardo Anaya eta Jose Antonio Meade hautagaien aurretik. Ricardo Anaya PAN alderdi kontserbadoreko presidentegaiak botoen % 22,95 eskuratu ditu eta Jose Antonio Meade PRI alderdiko hautagai ofizialistak, botoen % 15,07. Jaime Rodriguez Calderon hautagai independenteak, berriz, botoen % 5,73.

Parte-hartzea % 62,9 eta % 63,8 artekoa izan da.

Dena dela, Hauteskunde Batzordeak jakinarazitako datuak behin-behinekoak dira, eta behin betiko emaitzak ez dira asteazkenera arte ezagutuko.

89 milioi herritar zeuden botoa ematera deituta Mexikon inoiz egin diren hauteskunde handienetan. Izan ere, presidenteaz gain, 128 senatari, 500 diputatu, 8 gobernadore, Mexiko hiriko gobernuburua eta milaka udal ordezkari aukeratu dituzte.

Botoen kontaketa amaitu ez bada ere, Hauteskunde Batzordeak eta gainerako hautagaiek ere garaipena aitortu diote ezkerreko hautagaiari. Lopez Obradorrek hirugarren ekinaldian lortu du presidenterako hauteskundeetan nagusitzea. 2006an eta 2012an ere saiatu zen, baina ez zuen helburua lortu. Aurrekoetan, gainera, iruzurra egon zela salatu zuen.

Mexiko Hiriko Konstituzio plazan egin duen lehen hitzaldian, ustelkeria lurperatu eta inpunitatea desagerraraziko dituela agindu du. Lopez Obradorrek azaldu duenez, "benetako demokrazia" ezartzea izango du helburu. Halaber, pobreak gogoan izan ditu eta txiroenei, ahaztuei eta bereziki herri indigenei lehentasuna emango diela nabarmendu du bere hitzaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mexiko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Hauteskundeak