Mundua -
Fiskalak hala eskatuta
Rafael Correa atxilotzea eskatuko dio Ekuadorko epaile batek Interpoli
Correa ez zen aurkeztu aurreko astelehenean Justizia Gorte Nazionalean, Quiton, fiskalak eta epaileak Balda diputatu ohiaren bahiketarekin lotu ondoren, hark salatuta.
agentziak | erredakzioa
Ekuadorko epaile batek Rafael Correa presidente ohia atxilotu eta estraditatzea eskatuko dio Interpoli, Justizia Gorte Nazionalean (Quito) aurreko astelehenean aurkezteari uko egin ondoren. Fernando Balda diputatu ohiaren bahiketa saiakerarekin lotura duelakoan eskatu dituzte presidente ohiaren aurkako salbuespenezko neurriak.
Daniella Camacho epaileak Paul Perez Estatuko fiskal nagusiak egindako eskaria onartu zuen eta, horrela, behin behinean espetxeratzeko agindua eman zuen, ikerketan sakontzeko helburuarekin. Gainera, Correa topatzea eskatu dio Interpoli, estradizioa egiteko asmoz. Presidente ohia Belgikan bizi da, iaztik, bere familiarekin batera.
Ekainaren 18an, Camachok uztailak 2an Justizia Gorte Nazionalaren Idazkaritzan aurkeztea agindu zion Correari, defentsak Belgikan dagoen Ekuadorko enbaxadan egiteko eskaera baztertuta.
Balda, Correaren salatzailea, epaitegiko saioan. Argazkia: EFE
Correak, astelehenean, diplomazia araudia bati helduta, Bruselako egoitza diplomatikoan aurkeztu zen eta Baldak, salatzaileak, behin behinean espetxeratzea eskatu zuen berehala. Fiskalak, halaber, Baldaren eskaera babestu zuen, epaileak emandako aginduari muzin egitearren.
Erabakiaren ostean, Correak gogorarazi du 2017ko azaroaren 10ean Baldak atxilotuko zutela aurreratu zuela.
"Baldak azaroan aurreratu zuen prozesu judizialek Interpolen atxilotzeko agindua ekarriko zutela. Aztia al da, ala konplot baten parte-hartzaile? Egin apustu. Datozen orduotan bideo bat zabalduko dut sare sozialetan. Garaipenera arte, beti!", esan zuen presidente ohiak Twitterren.
Aurretik, justiziak egindako "barrabaskeria" salatu zuen, "nahieran jarritako fiskal" batek bultzatuta, eta "frogarik gabeko lotura" batean oinarrituta.
"Ba al dakizue zer nolako arrakasta izango duen gezur honek nazioartean? Ez keztatu, denbora kontua da. Irabaziko dugu!", idatzi zuenez.