Mundua -

THAILANDIA

Erreskatea amaitu arte 10 soldadu egongo dira Thailandiako leizean dauden umeekin

Soldadu horien artean mediku bat ere badago. Harrapatuta dauden 12 haurrek eta horien monitoreak indarrak berreskuratzen dituztenean urpean igeri egiten ikasten hasiko dira.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Leize batean harrapatuta dauden haurrekin hamar soldadu daude

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamar soldaduz osatutako talde bat joan den ekainaren 23tik Thailandiako leize batean harrapatuta dauden 12 haurren eta horien monitorearekin egongo da harik eta erreskatea amaitzen den arte, iturri ofizialek asteazken honetan jakinarazi dutenez. Soldadu talde horretan mediku bat ere badago.

Ruetaiwan Patisen erreskate taldeko bozeramaileak azaldu duenez, hamar egunez jan ez badute ere haurrak onik daude eta soldaduak horien ondoan egongo dira kobazulotik ateratzen diren arte. Harrapatuta dauden 12 haurrek eta horien monitoreak indarrak berreskuratzen dituztenean oxigeno bonbonekin urpean igeri egiten ikasten hasiko dira.

"Ez dago presarik", azpimarratu du Ruetaiwanek. Azaldu duenez, prest daudenean eta beraientzat urpean igeri egitea segurua denean irtengo dira; izan ere, bertatik irteteko ur azpian dauden pasadizo estuetatik igaro behar dute. Guztira, hiruzpalau kilometroko bidea dute irteera iristeko.

Oraingoz, pixkanaka-pixkanaka ematen ari zaie janaria 11 eta 16 urte bitarteko hamabi haurrei eta horien 26 urteko monitoreari. Hasteko, gehigarri energetikoak eta bitaminak eman dizkiete. Erreskate lanak hainbat hilabetez luza daitezke.

Ruetaiwan bozeramailearen arabera, erreskate taldeek 3 eta 4 ordu artean behar dituzte kobazuloaren hasieratik hamahiru lagunak dauden tokira heltzeko. Gainera, bidean ur azpian eta ur gainean dauden pasadizoak igaro behar dituzte.

Joan den astelehenean Britainia Handiko bi urpekarik hamahiru lagunengana iristea lortu zuen.  Argalago eta lokatzagatik arropa zikina izanda, haurrek erreskatea iritsi izana eskertu zuten, eta "zein egun da?" galdegin zuten, janaria eskatu baino lehen: Gosea daukagu!", topaketako grabazio baten arabera.

Bertsio ofizialak dioenez, 13 laguneko taldea ekainaren 23an sartu zen leizean. Ekaitzak harrapatu zien, ordea, eta urak gora egin zuenez harrapatuta gelditu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Asia Bangkok gaur