Mundua -

Euriteak

110 pertsona hil dira dagoeneko Japonian, uholdeen ondorioz

Horrez gain, 1.500 pertsona baino gehiago guztiz inkomunikatuta daude Kursahiki herrian, denboraleak kalte gehien eragin dituen eremuan.

Uholdeak Japonian. EFE
Uholdeak Japonian. EFE
100 pertsonatik gora hil dira Japoniako uholdeetan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dagoeneko 110 pertsona hil dira Japonian azken egunotan izandako eurite eta uholdeen ondorioz; 79 pertsona desagertuta daude, gainera. 1983tik uhartean izandako uholderik larrienak dira honakoak, eta orduko hartan 117 pertsona hil ziren.

Halaber, alerta berezia ezarri dute Kursahiki herrian (herrialdearen mendebaldean), denboraleak kalte gehien eragin dituen eremuan, hain zuzen. 1.500 baino gehiago erabat inkomunikatuta daude, Kyodo albiste-agentzia japoniarraren esanetan.

Kurashikiko egoera bereziki larria da, ospitaleratuta dauden 100 bat pertsona kanpoko laguntzarik gabe geratu direlako. Hainbat kamioi eta ibilgailu ari dira zeregin horretan, uraren gorakadari aurre eginez. Japoniako Meteorologia Agentziaren arabera, datozen orduotan ere euria espero da kaltetutako hainbat tokitan.

Euriteak ez dira oso ohikoak uztailean Japonian, baina dozenaka pertsona geratu dira etxean harrapatuta. Uholdeetatik ihes egiteko asmoz, etxeko teilatuetan igota zegoen jendea erakutsi dute Japoniako hedabideek. Besteak beste, etxe barruan harrapatuta geratu zen 9 urteko ume bat desagertuta dago.

Japoniako Gobernuak larrialdiak kudeatzeko zentro bat ipini du martxan lehen ministroaren bulegoan. Era berean, 54.000 polizia, soldatu eta suhiltzaile ari dira egoera konpontzeko lanean.

Uholdeak Japonian. EFE

Uholdeak Japonian. Argazkia: EFE

Hiroshimako probintzian izan dira kalte gehien. Gutxienez 22 pertsona hil eta 23 desagertu dira, NHK katearen arabera. Ehime eremuan, 18 hildako eta 9 desagertu daude. Bestalde, Okayaman, Hyogon, Kyoton, Shigan eta Fukuokan ere hainbat pertsona hil dira.

Japoniako Meteorologia Agentziak 4,7 milioi pertsonari baino gehiagori agindu die haien etxeetatik ateratzea, eta Japoniako uharte handienaren (Honshu) mendebaldeko lau prefekturatan ezarritako abisu meteorologikoak mantendu ditu.

Arazoak industrian

Eguraldi txarra industriari ere egiten ari zaio kalte. Esate baterako, zenbait auto-ekoizlek produkzioa eten behar izan dute euriagatik. Uholdeek hornidura-kateak ere eten dituztenez, langileen segurtasuna arriskuan dago, Kyodo agentziaren arabera.

Mitsubishi Motors Corp enpresak, bere aldetik, lantegi bateko operazioak gelditu ditu, ez dituelako behar ziren piezak jaso. Mazdak Hiroshiman duen egoitza itxi behar izan du astelehen honetan, eta joan den astetik hainbat lantegi zarratuta ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Eguneko albisteak Uholdeak Hondamendi naturalen biktimak