Mundua -
Zauriturik ez
Lehergailu batek eztanda egin du Atenasen, auzitegi baten ondoan
Lehergailuaren kokapenaren abisua telebista kate batek jaso du. Bonba auzitegiaren kanpoaldean aparkatutako motor batean zegoen.
Erredakzioa
Bonba batek leherketa gogorra eragin du Atenaseko auzitegi baten ondoan. Poliziak jakitera emandakoaren arabera, eztandak ez du inor zauritu.
Lehergailua auzitegiaren kanpoaldean aparkatuta zegoen motor batean jarri dute. Poliziak inguruak ebakuatu ditu telebista kate batek bonbaren kokapenaren abisua jaso ondoren. Abisu horretan lehergailuak 40 minututan eztanda egingo zuela adierazi dute.
Poliziaren ustetan, bonba jarri dutenek 40 minutuko aurrerapenarekin deitzeak eta motorraren matrikula zenbakia eman izanak inor hiltzeko asmorik ez zutela adierazi nahi du.
Erasoa ez du inork aldarrikatu. Poliziaren arabera, leherketak zortzi auto eta hainbat leiho suntsitu ditu.
Azaroan, kapitalismoaren aurkako talde batek Atenaseko hainbat enbaxadaru eta atzerriko gobernuen egoitzetara bidalitako bonba-paketeak aldarrikatu zituen.
Ezker-muturreko taldeen erasoek gora egin dute 2008an Poliziak nerabe bat hil zuenetik. Ekintza gehienak gauez egin dituzte Gobernuaren, Poliziaren eta bankuen eraikinen kontra, aurretik abisua emanez.