Mundua -

Europa, immigrazioaren aurrean

Italiak 450 migratzaile lehorreratzeko baimena eman du, Europan birkokatzeko

Alemaniak, Frantziak, Maltak, Portugalek eta Espainiak 50na hartuko dituzte.

Hainbat pertsona 'Protector' ontzitik jaisten, Pozzallon (Sizilia). EFE
Migratzaileak Siziliako portu batean. EFE
Hainbat pertsona 'Protector' ontzitik jaisten, Pozzallon (Sizilia). EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siziliako uretan, bi ontzi militarren barruan dauden 450 migratzaile lehorreratzeko baimena eman zuen igandean Italiak, harrera egiteko prest azaldu diren Europako bost herrialdeetan birkokatzeko. Alemaniak, Frantziak, Maltak, Portugalek eta Espainiak 50na hartuko dituztela hitz eman dute.

Frontexen Protector eta Italiako Finantza Guardiaren Monte Sperone ontziak Pozzalloko portura hurbildu dira astelehen honetan, migratzaileak lehorreratu eta dagokien herrialdera bidal ditzaten.

Guiseppe Conte Italiako lehen ministroak larunbatean idatzi zien Europar Batasuneko 27 herrialdeei pertsona horien kargu egin zitezen. Iragarri zuenez, bere herrialdea prest zen zegokion "kuota" betetzeko. Bost herrialdek erantzun zioten eskaerari: Alemaniak, Frantziak, Maltak, Portugalek eta Espainiak.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren arabera, immigrazioaren auzian lortutako lehen "garaipen politikoa" da honakoa.

Libiako uretatik Italiara

Europako bost herrialdeetara bidaiatzeko zain dauden 450 pertsona horiek ostiral goizean abiatu omen ziren Libiako kostaldetik, ziurrena Zuara hiritik. Italiako Finantza Guardiak eta Frontex Europar Batasuneko mugak zaintzeko Agentziak larunbatean atzeman zuten ontzia, Lanpedusa eta Linosa uharteen artean zegoela.

Bi ontzitan banatu zituzten: 176 Frontexen Protector delakoan sartu zituzten, eta 266, Finantza Guardiaren Monte Sperone ontzian. Zortzi bidaiari, tartean haurdun bat, Lampedusako ospitalera eraman zituzten, desnutrizio zantzuak zituztelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Europa Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Italia