Mundua -
Natura hondamendia
Dagoeneko hamar dira Australiako uholdeetan hildakoak
Armada elikagaiak banatzen hasi da Queensland estatuan kaltetutako 200.000 herritarren artean. Uholdeak urtarrila osoan izango direla aurreikusi dute agintariek.
Erredakzioa
Beste hiru lagun hil dira Australiako Queensland estatuan izan diren uholdeen ondorioz. Armada dagoeneko hasi da milaka kaltetuen artean elikagaiak banatzen, iturri ofizialek eta bertako prentsak jakinarazi dutenez.
Azken hiru biktimak atzo zenbatu zituzten. Gizonezko bat hil da Emerald herrian urak bere autoa aurretik eraman duenean.
38 urteko gizonezko bat ere uholdeek harrapatuta hil da txalupa batean arrantza egiten ari zenean.
Larunbatean 41 urteko emakumea hil zen Leichhardt ibaia igarotzen ari zenean beste zortzi pertsonarekin batera. Poliziak gainerakoak erreskatatzea lortu zuen, baina emakumea urak eraman zuen eta gorpua handik kilometro batzuetara agertu da.
Eguberri egunaren aurretik hasi ziren uholdeen ondorioz, dagoeneko hamar dira hil direnb iktimak. Gainera, bi pertsona desagertu dira eskualdeak hainbat hamarkadetan jasan dituen uholde larrienen ondorioz.
Asteartea bitartean 50 tona elikagai eta premiazko produktu banatuko dituzte kaltetuen artean eta Julian Gillard lehen ministroak iragarri du kaltetu bakoitzari 1.000 euro emango dizkiotela eta kaltetutako negozioek 25.000 euro jasoko dituztela laguntza gisa.
200.000 dira uholdeek kaltetutako pertsonak. Agintarien aurreikuspenen arabera, uholdeek ez dute etenik izango urtarrila osoan.