Mundua -
Iruzkina
EB: Presidentzia berria, arazo berriak
Hungariak Europako legeen aurka joan daitezkeen bi lege onartu ditu: bata, prentsa askatasuna mugatzen duena eta bestea Hungarian diharduten Europako enpresa handiei zerga berezi bat ezartzen diena.
Jesus Torquemada
Europako Batasunak arazo nahikoak ez eta orain beste bat gehitu zaio.
Batasunaren presidentzia urtarrilaren 1ean hartu zuen Hungariak. Azkenaldi honetan, Europako legeen aurka joan daitezkeen bi lege hautatu ditu herrialdeak: bata, prentsa askatasuna mugatzen duena eta bestea Hungarian diharduten Europako enpresa handiei, batez ere alemaniar, austriar eta frantziarrei, zerga berezi bat ezartzen diena.
Lehen legea europar printzipioen aurka doan bezala, bigarrena Europako merkatu bakarraren aurka doa, enpresa hungariarren alde egin eta atzerrikoak baztertzen dituelako.
Gauzak horrela, Europako Batzordeak eta Hungariako Gobernuak ostiralean, Budapest hirian, egingo duen bilerak zeresana emango du.
Hungariak Europako gobernurik eskuindarrenetako bat du, baina hungariarrek nahi duten gobernua da hori: gobernu-alderdiak, Fidesz kontserbadoreak, iazko apirilean hauteskundeak irabazi zituen eserlekuen bi heren eskuratuz eta, beraz, Viktor Orban lehen ministroak, eroso agindu dezake.