Mundua -
Frantzia
Macronen bizkartzain bat ikertzen ari da Fiskaltza, manifestari bat jotzeagatik
Alexander Benalla du izena. Parisko Fiskaltzak hasi du ikerketa, maiatzaren 1eko martxan manifestari bat gogor jo, eta segurtasun kameren irudiak ezkutatzeagatik.
agentziak
Parisko Fiskaltzak ikerketa abiarazi du Alexandre Benalla Emmanuel Macron presidente frantziarraren bizkartzainetako baten aurka, hainbat kargu leporatuta, besteak beste, maiatzaren 1eko manifestazioan hiritar bat gogor kolpatzea.
Benallarekin batera Poliziako beste hiru agente ere ari dira ikertzen, bizkartzainari segurtasun kamerek grabatutako erasoaren irudiak emateagatik, Fiskaltzak hedabide frantziarrei igorritako ohar baten bidez adierazi duenez.
Benallari "eraso egitea, funtzio publikoan esku-hartzea eta segurtasun irudiak ezkutatzea" egotzi diote, nagusiki.
Hiri jendarmeren kasuan -agente bat, ofizial bat eta komandante bat- "segurtasun irudiak bidegabe hartu eta sekretu profesionala urratzeagatik" abiarazi dute ikerketa.
Eskandalua bideo bat argitaratu eta gero lehertu zen. Irudietan Benalla agertzen da, gazte bat gogor kolpatzen, maiatzak 1eko Parisko manifestazioan parte hartzen ari zenean.
Macronek "disfuntzioak" onartu ditu
"Benalla auzian disfuntzioak" izan direla onartu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Macronen esanetan, bizkartzainak egindakoa "onartezina" da eta zorroztasunez jokatuko duela hitzeman du.
Macronek ez ditu adierazpenok publiko egin, baizik eta kolaboratzaile talde batekin egindako bilera batean, Le Figarok jakinarazi duenez.