Mundua -
Frantzia
Macronen lehen krisi politiko handia eragin du haren bizkartzainaren eskandaluak
Oposizioak Frantziako presidentearen kontrako zentsura-mozioa iragarri du. Fiskaltza Macronen bizkartzainak manifestari bati egindako erasoa ikertzen ari da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emmanuel Macronen segurtasun buruzagia den Alexandre Benallak Frantziako presidentea krisi politikorik handi batean murgildu du. Inkesten arabera, bere izen onak % 32 egin du behera, 2017ko irailean lan-erreforma polemikoa onartu zuenetik izan duen mailarik baxuena, hain zuzen ere.
Joan den maiatzaren 1eko mobilizazioetan, Parisen, manifestari bat jipoitu zuen Benallak eta irudiak berehala zabaldu ziren munduan. Baina bere bizkartzainaren eskandaluak bete-betean harrapatu du Macron. Aurrera egiteko aukerak urriak badira ere, oposizioak Frantziako presidentearen kontrako zentsura-mozioa iragarri du.
Edouard Philippe lehen ministroa bost egunez Parlamentuan agertu ez izana gogor salatu du oposizioak. Frantziako Gobernuak bizkartzaina babestu nahi duela uste dute, Macronen konfiantzazko gizona delako.
Parisko Fiskaltzak ikerketa bat jarri du abian, Benallak hainbat delitu egotzita, tartean erasoarena.
Eskandalua piztu zenetik Macronek ez du kasuari buruzko adierazpen publikorik egin. Frantziako Gobernuaren bozeramaile batek igandean esan zuenez, dena argitu bitartean isilik egongo omen da.