Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Armak 3Dn nola inprimatu azaltzen duten gidaliburuak blokeatu ditu AEBko Justiziak
Epaiaren arabera, Defense Distributed erakundearen eskuliburua argitaratzeak 'kalte konponezina' eragin lezake.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetako Justiziak blokeatu egin du armak 3Dn nola inprimatu azaltzen duten gidaliburuen argitalpena. Gaur, asteazkena, publikatzekoak ziren. Epaitegietako blokeorik ez balego, eta Donald Trumpen Gobernuak armen aldeko erakundeekin lorturiko akordio baten ondotik, posible litzateke etxean armak ekoiztea.
Ekimenak eztabaida handia eragin du. Hainbat estatutako fiskalek helegitea aurkeztu zuten astelehenean eskuliburuen argitalpena blokeatzeko, eta euren eskaria aintzat hartu du Justiziak.
Robert S. Lasnik epaileak emandako epaiaren arabera, Defense Distributed erakundearen liburua argitaratuz gero, "kalte konponezina" eragiteko arrisku handia zen.
Texasen egoitza duen Defense Distributed erakundeak abuztuaren 1etik aurrera pistolak eta errifleak 3D inprimagailuetan ekoizteko instrukzioak berriro bere webgunean argitaratzeko asmoa agertu zuen, Gobernu federalarekin akordioa lortu ostean.
Etxean armak ekoiztea legezkoa izan ez dadin azken asteetan presio gehien egin duen taldeetako bat Armen Kontrolerako Brady Zentroa izan da. Jonathan Lowy zuzendariak Efe albiste agentziari azaldu dionez, etxean ekoitzitako arma horiek ez dute serie zenbakirik eta, beraz, ezinezkoa da horien "arrastoa jarraitzea". Gainera, plastikozkoak dira eta, ondorioz, hautemanezinak dira metalak antzemateko gailuentzat.