Mundua -
Ezbeharra
20 pertsona hil dira Suitzan, hegazkin militar batek lurra jota
2001etik Suitzan izan den hegazkin istripurik larriena izan da, eta Grisonia kantonamenduko eremu menditsu batean gertatu da.
Agentziak | Erredakzioa
Hogei pertsona hil ziren larunbatean Suitzako Grisonia kantonamenduko eremu menditsu batean, antzinako hegazkin militar batek (JU52 HB-HOT) lurra jota. 2001etik herrialdean izan den hegazkin istripu larrienetakoa da, Poliziak prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
Junkers etxeko hegazkina 1939an egin zuten, eta Suitzako Alpeetan hegaldi panoramikoak egiten zituen. "Guztiz bertikalki eta oso azkar" erori zen, Daniel Knecht ikerketako arduradunaren arabera.
Ticino kantonamenduan hegaldi turistiko bat egin eta gero, 17:00etan hartu behar zuen lurra Zürich kantonamenduko Dübendorf aireportuan.
11 gizon eta 9 emakume dira biktimak, 42 eta 84 urte artean zituzten eta ia gehienak suitzarrak ziren, hiru austriar izan ezik.
Hegazkin zaharrek ez duten kutxa beltzik, eta, beraz, istripu hau argitzeko ikerketa askoz ere zailagoa izango da.
Airelineako kontseilari ordezkari eta sortzaileetako baten hitzetan, ez dute hegazkin horren arazo teknikoen berririk. Horrez gain, esperientzia handiko profesionalek gidatzen zutela eta azken ikuskapen teknikoa uztailaren amaieran egin ziotela jakinarazi zuen.
Oraingoz, JU-Air konpainiak bertan behera utzi ditu operazioak.