Mundua -

Migratzaileak

Mediterraneoan 721 pertsona hil direla salatu du Amnistia Internazionalak

Erakundeak Italiako Gobernuaren politikak kritikatu ditu, eta migratzaileei Europara segurtasunez bidaiatzeko aukera eskaintzea eskatu dio Europar Batasunari.

Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE
Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE
Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenaldian Mediterraneo itsasoan hildako migratzaileen kopurua nabarmen handitu dela salatu du Amnistia Internazionalak. Izan ere, ekaina eta uztaila artean 721 pertsona hil ziren Mediterraneoan, gobernuz kanpoko erakunde horrek txosten batean jaso duenez. Arrazoi horregatik, Italiako Gobernuaren politikak gogor kritikatu ditu, bereziki ontzien lehorreratzea “galarazten” edo “atzeratzen” ari delako, eta heriotzak Europar Batasunaren politika latzen eraginak direla ziurtatu du.

Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, itsasoan atzeman eta Libiako zentroetara eramandako migratzaileen kopurua bikoiztu egin da azken hilabeteetan. Amnistia Internazionalak txostenean jaso duenez, 4.400 izan ziren martxoan, eta 10.000 baino gehiago izan dira uztailaren azken astean. Tartean, 2.000 emakume eta adin txikiko zeudela salatu du Amnistia Internazionalak.

“Hildakoen kopurua igotzea tragedia bat izateaz gain, lotsagarria ere bada”, azpimarratu du Matteo de Bellisek, Amnistia Internazionaleko migrazio ikertzaileak. Bere esanetan, Europar Batasunaren politikek gobernuz kanpoko erakundeen “lana oztopatu” dute.

Italiako Gobernuaren politikak gogor kritikatu ditu Amnistia internazionalak txostenean, Mediterraneo itsasoan erreskatatutako pertsonak daramatzaten ontzien lehorreratzea “galarazten” edo “atzeratzen” ari delako Giussepe Conteren gobernua.

Era berean, Italiako Barne ministro den Matteo Salvini ultraeskuindarrak itsasoan noraezean dauden migratzaileen bizitza salbatzen duten ontzietako patroiei “mezu kezkagarria” igorri diela kritikatu du Amnistia Internazionalak.

Erakunde horren iritziz, Italiako Gobernuak “ez ditu errespetatzen giza eskubideen nazioarteko araudian bilduta dauden betebeharrak”, izan ere, Giussepe Conteren gobernuaren politikek “oinarrizkoak diren eskubide batzuk urratzen ditu”. Hala, itsasoari lotutako arauek ez dutela itsasoan erreskatatutako pertsona horien lehorreratzea zein herrialdek onartu behar duen zehazten kritikatu du erakundeak.

Txostenean, Aquarius salbamendu ontziaren kasua gogora ekarri du Amnistia Internazionalak. Izan ere, Italiak eta Maltak lehorreratzeko baimena ukatu ostean, Mediterraneoan erreskatatutako 630 pertsonak zekartzan ontziak Valentziako portuan lehorreratu behar izan zuen. Etorkinek Espainian sartzeko ezohiko baimena eskuratu zuten, baina migratzaileen ia erdiek Frantziara joateko borondatea adierazi zuten, nazioarteko babesa jasotzeko asmoz.

Gauzak horrela, “berehala ekiteko” eskatu dio Amnistia Internazionalak Europar Batasunari, eta eskaini ditzala errefuxiatu eta migratzaileentzako aukerak, Europara segurtasunez bidaiatzeko aukera izan dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Albisteak migrazioa Europako herrialdei buruzko albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan GKEak Mediterraneo itsasoa