Mundua -

Lege proiektua

Argentinako Senatuak abortua legeztatzea errefusatu du

Diputatuen Ganberan onartu bazuten ere, senatariek legearen aurka bozkatu dute.

Milaka pertsona manifestatu dira, Senatuaren inguruetan. Argazkia: EFE
Argentinako Senatuak ezetz esan dio abortua legeztatzeari

1:41

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Senatuak errefusatu egin du abortua haurdunaldiaren 14. astera arte legeztatzeko lege proiektua, gaur, osteguna, egindako bozketan.

Haurdunaldiaren Etenaldi Boluntarioaren Legea Diputatuen Ganberan onartu bazuten ere, ekainak 14an, ez du senatarien gehiengoaren oniritzia jaso, aldeko 31 boto eta kontrako 38 boto jaso baitu, bi abstentziorekin.

Milaka pertsona manifestatu dira egun osoan Kongresu Nazionalaren inguruetan, orlegiz jantzita eta margotuta, hau da, abortua legeztatzearen alde daudenen kolorea. Abortuaren aurkakoak ere egon dira kalean, gehien bat fededunak eta elizgizonak.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidente ohi eta senatariak hitza hartu du, eta legearen alde agertu da, nahiz eta aurretik legeztatzearen aurka agertu bada ere.

"Ados egon daiteke, ala ez, baina proiektua errefusatzean ari gara beste aukerarik proposatu barik", esan du. "Hau errefusatuta ez dugu abortua desagerraraziko Argentinan (…) Argi dago lege honek ez duela inor abortua egitera behartzen", baieztatu du.

Ildo beretik mintzatu da Pedro Guastavino senataria. Bere esanetan, Senatuan eztabaidatu dena "abortu klandestinoa eta horrek eragiten dituen milaka emakumeren heriotzak behingoz desagerraraztea" izan da.

Mauricio Macri presidente argentinarrak askatasunez bozkatzeko esan zien agintean dagoen alderdiko kideei, bera aurka agertu bazen ere. Eztabaida hasi baino lehen, Macrik esan du ez duela "garrantzirik zein den emaitza", edonola ere "demokraziak irabaziko" duelako, Argentinako gizartean eragin duen "gogoetagatik".

Emaitza kolpe handia izan da Abortu Legala, Segurua eta Doakoaren Eskubidearen aldeko Kanpainarentzat. Ekimenak 2006an hasi zuen bidea eta haurdunaldiaren lehen 14 asteetan inolako baldintzarik gabe abortua egin ahal izatea defendatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina