Mundua -

Wikileaks

Wikileaksen sortzailea auzitegian egon da

Otsailean Suediara estraditatuko ote duten erabaki behar duen auzitegiaren aurrean agertu da Julian Assange.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange Wikileaksen sortzailea Londreseko auzitegian agertu da gaur, datorren hilean Suediara estraditatuko ote duten erabakitzeko auziaren harira. Sexu-delituak egozten dizkiote Suedian.

Assange joan den hilean utzi zuten aske, fidantza ordainduta. Erresuma Batuan atxilotu zuten, Suediak estradizio agindua eman eta gero; egun, Ingalaterran bizi da, eta egunero polizia-etxe batera bertaratu eta uneoro besoko elektronikoa eraman behar du.

Alde biek auziko nondik norako guztien berri badutela eta datorren hileko epaiketarako prest daudela jakinaraztea izan da gaurko saioaren helburua. Geoffrey Robertsonen, Assangeren abokatuetako baten, hitzetan, defentsa prest dago epaiketarako, eta, The Guardian egunkariaren arabera, baliteke gaur bertan Wikileaksen bidez estradizioa errefusatzeko erabiliko dituzten argudioak ezagutzera ematea.

Saioaren ostean, Assangek agerraldiaren emaitzarekin "pozik" dagoela azaldu du, labur.

Bestalde, Wikileaksen lana “aldaezina dela”, eta ‘cablegate’ko dokumentu multzoko materialen argitalpenak azkartzen ari direla esan du. Azken asteotan AEBetako Estatu Departamentuko 251.000 agiri sekretuetako batzuk argitaratu ditu Wikileaksek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea