Mundua -
Istilu larriak
Etxeratze-aginduari desafio egin die ehunka manifestarik Tunisian
Iskanbilak baretu ordez indartzen ari dira eta ehunka hiritarrek lurraldeko presidentearen, Zine al Abidine Ben Aliren, dimisioa eskatu dute.
Erredakzioa
Tunisiako hiriburuan istilu gogorrak izan dira bart ehunka manifestari gazte eta poliziaren artean. Herritarren matxinadak sahiesteko etxeratze-agindua ezarri zuen gobernuak baina giroa gaiztotu baino ez da egin eta gero eta gehiago dira Zine al Abidine Ben Ali, lurraldeko presidentearen dimisioa eskatzen dutenak.
Hiriaren kanpoaldean dagoen Omran auzoko kaleetan protesta gogorra izan zen atzo. Polizia manifestazioa sakabanatzen saiatu zen gas negar-eragileekin eta manifestariek harriak jaurtiz erantzun zieten agenteei.
Gobernuaren esanetan dagoeneko 23 dira istiluetan hildakoak, baina beste iturri batzuek 28 ere zenbatzen dituzte. Protestaldia Tunisia barnealdeko herrietan sortu zen prezioen igoera, langabezia eta ustelkeria salatzeko.