Mundua -

Afganistan

Talibanek Afganistanen bahitutako 100 bat bidaiari askatu dituzte

Hiru autobusetan zihoazen bidaiariak dira guztiak. Talibanek oraindik 21 lagun atxikita dituzte, segurtasun indarretako kideak direlakoan.

Talibanei su-etena eskaini zien atzo Agfanistango presidenteak. Argazkia: EFE.
Talibanei su-etena eskaini zien atzo Agfanistango presidenteak. Argazkia: EFE.
Talibanei su-etena eskaini zien atzo Agfanistango presidenteak. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanek aske utzi dituzte jada gaur goizean Afganistan iparraldean bahitu dituzten ehun bat bidaiari, baina 21 lagun atxikita daude oraindik, EFE agentziak iturri ofizialak aipatuta zabaldu duenez.

Bahiketa Kunduz probintziako errepide batean izan da. Bidaiariak hiru autobusetan zihoazen, talibanek ibilgailuak geldiarazi dituzte eta barruan zihoazen lagun guztiak bahituta eraman dituzte.

Ordu batzuk geroago, ehun inguru askatu egin dituzte, baina 21 atxikita daude oraindik, Inamullah Rahmani Poliziaren bozeramaileak jakinarazi duenez.

"21 lagun horiek Afganistango segurtasun indarretako kideak direla uste dute talibanek; horregatik eraman dituzte atxikita", azaldu du. Polizia guztiak erreskatatzeko lanean ari dela erantsi du. Libre geratu direnak euren herrietara itzuli dira.

Bahituak Kabul hiriburutik ipar-ekialdeko Takhar eta Badakhshan probintzietara zihoazen, bihar hasiko den Aid al-Adha edo Sakrifizioaren Jaialdia ospatzera.

Rahmaniren esanetan, talibanek kontrol postu bat jarri dute inguruan, Aid al-Adha ospatzeko jaioterrietara zihoazen soldaduak identifikatzeko.

2014 eta 2016 artean, talibanek eta beste talde armatu batzuek gehiagotan bahitu dituzte bidaiariak, herrialdeko hainbat tokitan, eta kasu horietako batzuetan, bahituak hil egin zituzten. Azkenaldian bahiketa gutxiago egon dira, baina Afganistango probintzia gatazkatsuetako errepideak oraindik ez dira seguruak.

2016ko ekainean, talibanek 12 pertsona (gehienak zibilak) hil zituzten hegoaldean, eta 47 bahitu zituzten iparraldean.

Igandean, Ashraf Gani presidenteak hiru hilabeteko su-etena iragarri zuen talibanekin, Aid al-Adha festa ospatu ahal izateko, baina jihadistek ere onartzea jarri zuen baldintza gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bahiketak Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak