Mundua -

Bisita ofiziala

Elizak abusuen 'krimen gorrotagarri'en aurrean porrot egin duela esan du Aita Santuak

Frantzisko larunbat honetan iritsi da Dublinera, Familien Munduko Topaketan parte hartzeko. 39 urte pasatu dira herrialdean izan zen azken bisita pontifikaletik.

Frantzisko aita santua Irlandara iritsi da. EFE
Frantzisko aita santua Irlandara iritsi da. EFE
Sexu-abusuen eskandaluaren itzalean iritsi da aita santua Dublinera

1:43

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irlandako Elizak "abusuen krimen gorrotagarriei modu egokian aurre egiten" porrot egin duela adierazi du Aita Santuak, larunbat honetan, Dublinen, eta arau zorrotzak hartzen saiatzea eta ez errepikatzea eskatu du.

Hala adierazi du Frantziskok, agintariei egin dien hitzaldian, Irlandan bi eguneko bisitaren hasieran. Larunbat honetan iritsi da, Familien Munduko Topaketan parte hartzeko.

"Elizan adin txikikoak babestu eta hezi behar zituzten kideek abusuak egin zizkieten, eta horrek Irlandan sortutako eskandalu larria aitortzeari ezin diot utzi", azaldu du.

"Elizako agintariek krimen gorrotagarri hauei aurre egiten izan duten porrotak haserrea eragin du, eta sufrimendu eta lotsatzeko arrazoia da komunitate katolikoarentzat", esan du.

Bisita ofiziala

Frantzisko aita santua bisita ofizial batean iritsi da Irlanda. Herrialdean izan zen azken bisita pontifikala duela 39 urte egin zuten, eta gizartea guztiz aldatuta aurkituko du. Eliza katolikoa krisi larrian sartuta dago, adin txikikoei egindako sexu-abusuen eskandalu berriengatik.

Irlandako herritarren erdiak baino gehiagok bidaiatu zuten Juan Pablo II. aita santua ikusteko 1979an, dibortzioa eta metodo antisorgailuak legezkoak ez zirenean herrialdean.

Gaur egun, Irlandako gizartea askoz ere liberalagoa da, eta azken urteotan abortua eta pertsona homosexualen arteko ezkontzak legeztatu dituzte erreferendumen bidez, Elizaren gogoa desafiatuz. Azken horrek eragin nabarmena du herrialdeko esfera politikoan.

Vatikanoak esan du Frantzisko aita santua apaizen abusuak jasan zituzten biktima talde batekin bilduko dela, eta haiengatik otoitz egingo duela Dublingo katedralean, nahiz eta Egoitza Santuak nabarmendu bisita "familia"n oinarrituko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak argazkiak Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Irlanda Umeak Erlijioa Vatikanoko azken ordukoa Sexu erasoak Eliza Katolikoa eta abusuak