Mundua -

AEB

Gutxienez hiru hildako Floridan, bideo-joko txapelketa batean izandako tiroketan

Hildakoetako bat tirokatzailea da, WJXT telebista-katearen arabera. Gainera, hamaika zauritu daude. Jacksonville hirian gertatu da.

Gutxienez hiru lagun hil dira, tiroketan. Argazkia: AFP.
Gutxienez hiru lagun hil dira, tiroketan. Argazkia: AFP.
Hiru hildako Floridan, bideojoko txapelketa batean izandako tiroketan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hiru lagun hil eta hamaika zauritu dira igande honetan AEBn, Florida estatuko Jacksonville hirian, merkataritza-zentro batean egiten ari ziren bideo-joko txapelketan izandako tiroketan, WJXT tokiko telebista-katearen arabera. Hildakoetako bat tirokatzailea bera, 24 urteko gizonezkoa, dela gaineratu du.

"Susmagarrietako bat hilda dago. Une honetan, ez dakigu seguru beste susmagarririk dagoen", jakinarazi du Twitter bidez Jacksonvilleko sheriffaren bulegoak.

Mike Williams Jacksonvilleko sheriffaren arabera, tiroen egilea Daviz Katz da. Baltimorekoa zen, eta txapelketan parte hartzera joan omen zen Jacksonvillera.

Halaber, horren hitzetan, Katzek bere buruaz beste egin du, hainbat pertsona tirokatu ostean; hortaz, gorpua gainerako hildakoekin batera topatu dute. Agintarien esanetan, hamaika zauritu daude guztira, eta Memorial Ospitalera eta UF Health Ospitalera eraman dituzte; bederatzik bala-zauriak dituzte, eta beste bi ihes egiten ari zirela zauritu dira.

"Ezkutatuta dauden hainbat lagun ari gara topatzen The Landing merkataritza-zentroan. Mesedez, egon lasai. Ez mugitu, egon ezkutaturik zaudeten tokian. Miaketa ari gara egiten indar bereziekin. Zuengana joango gara. Mesedez, ez etorri guregana korrika", gehitu dute Twitter bidez sheriffaren bulegotik, beste mezu batean. Gero, larrialdietarako zenbakira (911) deitzeko eskatu diete barruan dauden lagunei.

Futbol amerikarraren simulazio-txapelketa ofiziala

Lehen informazioen arabera, tiroketa joko-gela batean hasi da, Madden 19 futbol amerikarreko txapelketa ofizial bat egiten ari ziren tokian. Twitch bidez ari ziren ematen, eta tiroak entzun dira bertan, baina ez dago tiroketaren irudirik.

Hainbat komunikabideren arabera, tirokatzaileak partida bat galdu ostean egin du su, baina datu hori ez dute oraindik baieztatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Atentatuak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Bideo-jokoak azken ordukoa Erailketak