Mundua -
MEXIKO
Gutxienez 166 gorpu aurkitu dituzte Veracruz estatuan, hainbat hobi komunetan
Fiskaltzak abuztua hasieran abiatu zuen ikerketa, norbanako batek emandako testigantzatik abiatuta. Identifikazio lanak abiatuko dituzte orain eta ez dute baztertzen gorpu gehiago topatzea.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Mexikon, gutxienez 166 gorpu aurkitu dituzte Veracruz estatuko hainbat hobi komunetan. Fiskaltzak ostegun honetan jakitera eman duenez, abuztuaren hasieran abiatu zuen ikerketa, herritar batek emandako testigantza bat abiapuntu hartuta, inguru horretan ehunka gorpuzki ikusi ondoren.
Lekukotza horretatik abiatuta, eta dronen eta georradarren laguntzarekin, adituek 300 metro koadroko eremu bat zehaztu zuten abuztuaren 8an, eta hilabeteko lanaren ostean, "gutxienez 166 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dira". Bilaketa eremuan orain arte topatutako burezurrei esker gutxienez 166 gorpu daudela baieztatu badute ere, Ministerio Publikoak ez du baztertzen hildako gehiago izatea.
Jorge Wincler Ortiz Veracruz estatuko fiskal nagusiak emandako datuen arabera, 200 jantzi, 114 nortasun-agiri eta gauza pertsonalak ere aurkitu dituzte. "Analisi antropologikoari esker zehaztu dutenez, duela bi urte gutxienez egindako ehorzte klandestinoak dira", gaineratu du.
Orain, identifikazio lanei begira, aurkitutako dokumentazioa eta objektuak desagertuen familien esku utziko dituzte. Halaber, pertsona desagertuen senideak DNA probak egitera deitu ditu.
Erregistro ofizialaren arabera, Mexikon 36.000 pertsona falta dira etxetik.