Mundua -

Hauteskundeak

Lehia handiko bozketetan murgilduta daude gaur suediarrak

Sozialdemokraziaren eta eskuinaren arteko berdintasuna aurreikusi dute inkestek, baita ultraeskuineko SD alderdiaren gorakada ere.

Hautesleku bat Suedian / Reuters.
Hautesleku bat Suedian / Reuters.
Inkestek botoen % 20tik gora eman dizkiete ultraeskuindarrei Suedian

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteslekuak ireki dituzte Suedian, 8:00etan, eta hasiera eman diete bi bloke politikoen arteko berdintasunak eta ultraeskuinaren gorakadak markatutako hauteskundeei.

Bozkatzera deitutako 7 milioitik gora suediarrek 20:00ak arte eman dezakete botoa, Riksdageneko (ganbara bakarreko Parlamentua) 349 kideak hautatzeko.

Inkestek Stefan Lofven lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokratari ematen diote garaipena, botoen % 25 ingururekin. Hori bere historiako emaitzarik txarrena litzateke. Azken mendeko politikan nagusi izan dira.

Gobernuko kideak diren ekologisten eta kanpoko aliatuak diren komunista ohien botoak ere gehituta puntu bakar batengatik gailenduko litzaizkioke Zentro-eskuineko Aliantzari, eta hori ez litzateke nahikoa izango boterean mantentzeko.

2014ko hauteskundeetan, boto gehien zuenari gutxiengoan gobernatzen uztea adostu zuten bi blokeek, Suediako Demokratak (SD) alderdi ultraeskuindarraren eragina txikiagotzeko asmoz.

Aliantzak, baina, aukera hori baztertzen du. Ulf Kristersson eskuindarrak gutxiengoan gobernatzeko asmoa dauka, SDren abstentzioaren edo aldeko botoei esker. Ultraeskuindarrek esan dutenez, babesa ez da automatikoa ezta doanekoa ere izango.

SDren gorakada neurtuko dute hauteskunde hauek. Inkesta batzuek Aliantzaren maila berean jartzen dituzte, bigarren lekuaren lehian. Beste batzuek, ordea, lehen tokian jartzen dute, sozialdemokraten gainetik.

Suedian ohikoa denez, udal hauteskundeak eta eskualdeetakoak aldi berean egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Suedia Hauteskundeak